Akordio demokratikorako elkarrizketari uko egiten dionaren jarrera iraganekoa da
Indar politikoen arteko elkarrizketa, jendaurrean zein modu pribatuan, normaltasun demokratikoaren seinale izaten da, eta inork gutxik errefusatzen du berez. Euskal Herrian, gainera, egungo testuinguruan, beharra eta eskakizun demokratikoa ere bada. Horregatik, PSEren eta ezker abertzalearen arteko «elkarrizketa harremana» izatea albiste ona da. Ezker abertzalea gainerako indarrekin ere hitz egiteko prest agertu zen atzo. Hartarako ahaleginak egiteak, ordea, ez luke soilik ezker abertzalearen zeregina izan behar, denena baizik. Eta onartezina da denen arteko elkarrizketarako inori inolako baldintzak jartzea, are gutxiago bakoitzaren helburu politikoarekin lotutakoak. Ezker abertzaleak aldarrikatutako helburua akordioa da, bi zutabe guztiz demokratikotan funtsatutako akordioa, alegia: eskubide guztien aitortzan eta proiektu politiko guztiak egingarri izateko bermean. Euskal gizartea anitza dela esan ohi da behin eta berriz, eta hala da; horrexegatik, aspaldi luzeko baldintzarik onenetan, akordio hori posible da. Eta Euskal Herria bizi den aro berriari erreparatu gabe hura saihesteko aitzakian -gatazkan- erosoago dagoenaren jarrera iraganekoa da.