Ezabaketa Egunean aritzeagatik EHEko bi kide epaituko dituzte Iruñean
Martxelo DIAZ |
Euskal Herrian Euskaraz taldeko bi kide epaituko dituzte hilaren 11n Iruñean, azken Ezabaketa Egunean Altsasun foruzainek jarritako salaketa dela-eta. Elkartasuna adierazi eta auzipetuei babesa emateko, egun horretan elkarretaratzera deitu dute, 10.00etan, Iruñeko epaitegien aurrean.
Haizea Remirez de Alda eta Itziar Claverok azaldu dutenez, ordaindua dute dagoeneko bide administratibotik ezarri zieten 6.000 euroko isuna, foruzainek kartel batzuk ezabatzea leporatu zietelako. Heldu den astean, berriz, zigor epaiketa izango dute gertaera berarengatik.
Hori guztia, kartelak duela urtebete margotuta dauden arren. Eta bitxia bada ere, jada ordaindu duten isun batengatik epaituko dituzte berriz EHEko bi kideak.
Foruzainekin euskararik ez
Hasiera batean, 300 euroko beste isun bat ere ezarri zieten, foruzainei euskaraz hitz egiteagatik desobedientzia egotzita, baina azkenean bertan behera gelditu zen auzi hori. «Normaltasun osoz foruzainekin euskaraz hitz egiten hasi ginen, baina ez zuten batere ondo hartu», azaldu zuten atzo Iruñean egindako agerraldian bi salatuek.
Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dutela nabarmendu eta gero, datorren astean egindo den epaiketan ez dutela itzultzailerik onartuko eta euskaraz deklaratuko dutela aurreratu zuten.
«Euskaraz bizi nahi dugu Euskal Herrian, gure herrian, eta horren aurkako erasoak salatzen jarraituko dugu eta gure jarrera horretan mantenduko dugu», gaineratu zuten EHEko kideek.