GARA > Idatzia > Ekonomia

EHLGk bertako behi haragiaren eta irinaren ekoizpena sustatuko du

Ikasturte berriarekin bat, Euskal Herriko Laborantza Ganberak datozen hilabeteetarako finkatu dituen lan ardatzak aurkeztu ditu. Horien artean, Ipar Euskal Herrian «sortu, hazi eta hildako behi-haragiaren» sarea egituratuko du. Halaber, dagoeneko ekoizten ari den bertako garitik egindako irinarekin ogia eta pastizak merkaturatzeko sarea ere laster abian izanen da. Bi ekimenak Uztartu clusterraren baitan dauden gainerako eragileekin elkarlanean gauzatuko dira.

p022_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Ikasleek ez ezik, Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) ere lan sasoi berriari ekin dio hasi berria den ikasturtearekin bat. Laborantza herrikoi eta iraunkorraren garapena xede dituen elkarteko kide Mixel Berhokoirigoin, Beñat Molimos, Francis Poineau eta Iker Elosegik lan ildo nagusiak aurkeztu zituzten, atzo, Baionan.

Horien artean, bertako ekoizpena sustatuko duten bi sare egituratzeari ekin dio EHLGk, biak nekazaritzaren eta elikagaien sektoreak biltzen dituen Uztartu clusterraren baitan gauzatuko direnak.

Batetik, lekuko behi-haragiari dagokiona dago. Ipar Euskal Herriko etxaldeen erdiak baino gehiagok haragitarako behiak dituzten arren -50.000 buru, gehienak Akitaniako blonda arrazakoak-, horietatik %70 ez dira bertan gizentzen. Txahalak kanpora eramaten dira gizentzeko, batez ere Italia aldera. Bitartean, bertan kontsumitzen den haragi gehiena kanpotik (Europa ipar edo ekialdetik) ekartzen da.

Horiek horrela, «bertan sortua, gizendua eta hildakoa» izango den kalitatezko haragia merkaturatu ahal izateko, eta horrenbestez balio erantsia bertan geratuko dela bermatzeko, sarea antolatzen ari dira eta 2013an haragia kontsumitzaileen eskura egotea espero dute.

%100 euskal irina

Ildo beretik, duela bi urte entseguak egiten hasi ziren garia landatzeko prest zeuden hainbat laborarirekin. Hala, aurten jada hamar laborarik 40 hektarea goiti landatu dituzte eta ogia egiteko balia daitekeen kalitatezko 224 tona irin atera dira Uztaritzeko eta Mauleko bi eiheretatik. Beraz, datozen hilabeteetan %100 Ipar Euskal Herriko irinarekin egindako ogia saltegietara iritsiko dela aurreikusten dute, horren berme izango den zigilua eta guzti.

Izan nekazari, errotari edo okin, kate guztiko eragileak lotu zaizkio EHLGk sustatutako proiektuari eta kontsumitzaileek ere onura aterako dutelakoan daude.

Bestalde, Garaziko Mendi Elkargoaren (GME) ardurapean dauden mendi eremuetako diagnostikoa egiteko lan-eskaintza publikoa EHLGk irabazi du, eta dagoeneko lanean ari da buru-belarri Euskal Herriko Artzainak elkartearekin batera.

Lan horrek bi atal ditu. Batetik, mendia erabiltzen duten artzain eta laborariak itaunduko dituzte (350 bat 11 herritan banatuta). Galdeketaren bitartez, mendia era egokienean nola baliatu zehaztu nahi dute, aisialdirako, kirolerako edota ehizarako erabiltzen dutenak ere badaudela kontuan hartuta.

Bestetik, bertako belardietan nagusi diren landareak aztertu nahi dituzte kabalen bazkarako duten balioa ezagutzeko. Datorren urterako diagnostikoak amaitua beharko luke eta mendia kudeatzeko proposamena helaraziko diote GMEri.

ELB haserre

ELBko 35 bat kidek Confederation Paysanne sindikatuarekin batera protesta bat egin zuten atzo, Pauen. Laborari txikiek MSAko (Mutuelle Sociale Agricole) kotizazioak ordaintzeko dituzten zailtasunak azaldu eta era justuagoan eta solidarioagoan kalkula daitezela eskatu zuten.

Ipar Euskal Herriko laborantza ezagutzeko aukera webgunean

EHLGren egitasmoen artean Ipar Euskal Herriko laborantzaren behatokia plantan ematea dago. Lehen urrats batzuk eginak ditu jada, Garaziko kantonamenduari buruzko lan bereziarekin, esaterako.

Orain beste aitzin urratsa egin du, hamar urtetik behin Nekazaritza Ministerioak egiten duen erroldaren datuak baliatuz. Azken errolda 2010ekoa da, eta, Gaindegiarekin elkarlanean, www.ehlgbai.org bere webgunean eskuragarri jarri ditu grafiko eta mapen bidez (`Lan sailak/Lurraldearen garapena/Mapak' atalean).

Datu horien osagarri, EHLG bera hainbat bilketa eta azterketa egiten ari da Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako laborantzaren zehaztasunak eta ezaugarriak ezagutzeko eta ezagutarazteko. Izan ere, sektoreko partaideentzat ez ezik, datu horiek beste hainbat eragilerentzat ere (irakasle, ikasle, ekonomialari, kontsumitzaile, erakunde...) Ipar Euskal Herriko laborantzaren errealitatea ezagutzeko interesgarriak izan daitezkeela uste dute.

EHLGren beste hainbat lan eta dokumentu ere eskuragarri daude gune berean.

Bestalde, nekazaritza herritarrei hurbiltzeko ahaleginean sortutako Lurrama erakustazoka egingo dute aurten ere, zazpigarrengoz. Urriaren 19, 20 eta 21ean izango da, Biarrizko Irati aretoan. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo