ZIENTZIA | jardunaldi zientifikoa
Bioteknologiako zientzialari eta ikertzaileak, Bilbon ospatuko den BIOTEC2012 biltzarrean
Bioteknologia arloko 300 zientzialari eta ikertzaile baino gehiagok parte hartuko dute Espainiako Bioteknologia Elkarteak (SEBIOT) eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak antolatuta 2012ko irailaren 19tik 21era bitartean Bilbao Exhibition Centerren egingo den BIOTEC2012 biltzar zientifikoan. Biltzarrak goi mailako zientzialariak eta bioteknologia arloan lan egiten duten ikasleak bilduko ditu, bai Estatu espainiarrekoak bai nazioartekoak, Juan Luis Serra BIOTEC2012ko Batzorde Zientifikoko presidenteak azaldutakoaren arabera. Helburua bioteknologiaren eguneratzea, zabalkundea, interkomunikazioa eta hobekuntza sustatzea da, baita Estatu espainiarrean zein beste herrialde batzuetan, Europakoak eta Iberoamerikakoak batik bat, egiten diren ikerketa jarduerak bultzatzea ere.
Bestalde, ekitaldi honen bidez, bioteknologia arloko esparru akademikoko eta industriako ikertzaileei elkarrekin harremanetan egoteko plataforma bat eskaini nahi zaie, batik bat gazteenei. Biltzarrean, ikertzaileek honako gai hauek aztertuko dituzte: elikagai bioteknologia; mikrobio eta ingurumen bioteknologia; biokatalisia eta bioerreaktoreak; industria prozesuetako bioteknologia; sistemen bioteknologia eta omikoak, nanobioteknologia, biomaterialak eta biosentsoreak; eta erronka terapeutiko berriak, terapia aurreratuak, prebentzio medikuntza eta diagnosi teknologia.