Ignacio Iruin Hernaniko alkate ohia zendu da
GARA |
Ignacio Iruin Izagirre, 1976tik 1979ra Hernaniko alkate izan zena, atzo hil zen gaixotasun baten ondorioz, 91 urte zituelarik. Gaur egingo dira bere aldeko hiletak Hernanin.
Besteak beste, Jose Luis Elkoro bergararrak ordezkatzen duen Alkateen Taldeko sustatzaileetako bat izan zen Iruin garai haietan. Euskal herritarren ordezkaritza osatu zuten udal agintari haiek, Adolfo Suarez buru zuen Gobernuaren aurrean.
Oso urte liskartsuak izan ziren eta eginbehar asko izan zituen Ignacio Iruinek, horien artean Hernani bortizki kolpatu zuen errepresioa salatzea.
Duela 3 urte ``Hernaniko Kronika'' hedabideak eginiko elkarrizketan, une pozgarrienetako bat, Franco hil ondoren ikurrina herriko udal balkoian jarri zuen hura izan zela nabarmentzen zuen Iruinek. Garaiko irudiek erakusten dutenez, egun Gudarien Enparantza deitzen dena jendez gainezka zegoen, eta alkateak pozaren pozez altxatu zuen ikurra.
Iñigo Iruin abokatu eta ezker abertzaleko kide ezagunaren aita ere bazen Ignacio Iruin.