GARA > Idatzia > Kultura

Irati JIMENEZ | Idazlea

Zak(h)ila

Ketutako birika hilak, zornaturiko aho-mami belztuak, tumore erraldoiak. Horiek guztiak ikus ditzake erretzen ez duenak beste edonoren tabako-kutxatilan. Eta ikusi behar ditu tarteka erretzen duenak zein erretzera lapatuta dagoenak. Argazkiekin, testuak: tabakoak bihotzekora zaramatza, minbiziaren atera gerturatzen zaitu, biziko dituzun urteak ketuko dizkizu eta, gizona bazara, zakila tentetzeko arazoak eragingo dizkizu.

Zakilik ez, ordea. Tabako-kutxatiletan argazki bakarra falta da testuaren osagarri-beldurgarri: norbaiten zakil biguna. Zakilaren ordeko, zigarroa ageri da, zakilaren itxuran-edo jarrita, buru-makur. Enfisemak ez du metaforarik behar, ezta piorreak ere. Zakila, ordea, metaforaren mozorroarekin dator. Metafora ulergaitza, bestalde.

Izan ere, zakila zigarroa bada eta zigarroak heriotzara bagaramatza, zer ulertu behar dugu? Sexua dela arriskutsu edo erretzea plazer? Sexua arriskutsua bada, kondoi-kutxatiletan hasi behar al dira tabakoaren antzeko mehatxuekin? Herpes genitalak, bihotz hautsiak, orgasmo galduak... kutxatila asko bete daitezke sexuaren arriskuak ilustratzeko argazki eta testuekin. Erretzearen plazerekin bete diren iragarki eta filmen ikasketak eta propaganda-teknikak jarraitzearekin, aski.

Ez ditut begi onez ikusten tabako zalearen satanizazioa eta zakil bigunaren estigmatizazioa. Erre ere ez dut egiten. Baina erre egin behar ditugu tabako-kutxatila horiek, zakil gogorrari omen egiten dion gizarte falokrata tonto-zakilaren erakusgarri surrealista horiek.

Arrazoi zuen Itziar Zigak «Stock 13»-ren azalari begira, nire famili-tabuei jaramon egin gabe, zakil biguna baino iraultzaileagorik ez dagoela esan zidanean. 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo