GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Katalanak mintzatu dira: entzun egin behar diete

Diada egunean Bartzelonako kaleak bete zituen manifestazioaren arrakasta ukaezinak ez ezik, haren leloak ere argi utzi du independentziaren aukera nabarmen indartu dela, eta katalanen aukeren artean, haien nahien artean, nagusi dela. Ez zuen interpretazio okerrak egiteko tarte handiegirik utzi. Eta, ikusi eta entzuten duenak, begiratzen dakienak, zenbait irakaspen atera beharko lituzke. Esate baterako, Kataluniako gizartea hango klase politikoaren oso aurretik doala, eta hura bere atzetik jarraitzera -gogo handiago edo txikiagorekin- behartu duela ikusita, politikariek adierazpen jendetsu bezain argi horren maila eman beharra dute, emango ote duten ikusteke dagoen arren. Baina kontuan izan behar dute orain gainean duten herri presioa itun fiskala baino harago doan nahiaren adierazle dela. Bigarren, espainiar politikarien eta hedabideen erreakzioak argi utzi du horiek ez dutela inongo irakaspenik jaso eta ohiko itsukeriari eutsi diotela. Ikusi nahi ez duenaren itsukeriari, hain zuzen. Kataluniako gizartea heldua da, eta heldutasun horren ondoan, espainiar unionismoak agerian utzi du bere heldutasun eza. Azkenik, aurrera begira, aurtengo Diada inork alboratu ezineko erreferentzia da, Kataluniako nazioarentzat askatasuneranzko ibilbideko inflexio puntua izan baita. Katalanak mintzatu dira, eta entzutea merezi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo