Jai herrikoiagoak prestatu dituzte lezoarrek
Lezoko santakrutzen egitarauan ez da alkatearen agurrik ageri, ezta argazkirik ere, Jai Batzordeari eman baitiote protagonismo hori. Mikel Arruti Kultura zinegotziak nabarmendu duenez, urteak daramatzate auzolana sustatzen, eta dinamika hori indartu nahi izan dute aurten. Horren adibide dira hiru bazkari herrikoiak -arrantzaleena, tartekoena eta marmitako jana- eta gurasoen parte hartzea handitzea.
Maider IANTZI |
Arratsalde honetan, alkate txikien txupinazoarekin hasiko diren Lezoko jaien bezperan, jo eta su makilak astintzen harrapatu genituen danborradako kideak, entsegu orokorrean. Hagitz gogotsu zegoen jendea gaur ateratzeko. Tiñeluko arduradunak, Tito Labordetak, adierazi zigunez, beren taldean 150 danbor eta kupel ibiliko dira (Lezoko plazako lekua mugatua da eta akordio bat egina dute talde bakoitzean kopuru hori ez gainditzeko), baina 200 lagunek parte hartu nahi zuten.
Urtero pixkana-pixkana gero eta jende gehiago ari dela izena ematen azaldu zuen Labordetak, batez ere gazteak. Hauek indar handiagoarekin etortzen dira. Lezoko danborradak historia luzea du; Allerru taldekoak hasi ziren eta duela hamabost urte herritar batzuk batu zitzaizkien, elkarte bakoitzetik danborrada bat ateratzeko asmoz. Jendea animatu zuten besta giroa sortzeko eta erantzuna hagitz ona izan zen.
Lau taldeen artean -Ixkulin, Altzate, Allerru eta Tiñelu- 400 lagunera iritsi dira; gehiagok atera nahi zuten, baina txiki gelditu zaie plaza. «Giroa ere oso ona da, herrikoa, eta jendea oso gustura etortzen da. Plazan ere herritar pila bat biltzen da ikusteko, berdin asteburua tokatzen bada edo astean zehar».
Talde bakoitza herriko puntu batetik abiatzen da eta gauerdian denak elkartzen dira Gurutze Santuaren plazan. Bigarren txupina bota, danborrada bakoitzak pieza bat jo, eta ondotik Lezoko ereserkia eskaintzen dute batera. Gero, berriro banatzen dira, bakoitzak bere ibilbideari ekiteko.
Labordetak agertu duenez, jotzen ari direla ez dute hainbertze nabaritzen, baina udaletxeko balkoira igotzen direnek, kantinerek edota bandera daramatenek, hunkigarria dela erraten dute, bai ikusteko bai aditzeko. Bertze modu batera bizitzen da han goitik, barrenetik ez da argazki hori ikusten.
Mahoizko praka edo gona, alkandora txuria, arrantzaleen zapia eta alpargatak jantzi, eta han ibiliko dira gaur ere kaleak alaitzen, talde bakoitza bere kantinera eta kantineroarekin. Aurten Ixkulin taldeak zuzenduko du herriko ereserkia.
Hiru herri bazkariak
Danborradaz gain, hiru bazkari jendetsuak nabarmendu zituen Mikel Arruti Kultura zinegotziak ekitaldien artean, sustatzen ari diren jai eredu parte hartzailearen erakusgarri. Bihar, Santa Krutz egunean, arrantzaleen bazkaria eginen dute alde batetik, eta tartekoena bertzetik. Bata zortzigarren urtez, bertzea bigarrenez. Orotara 500 lagun elkartuko dira.
Arrutik kontatu digu tartekoen istorioa: «Gazte batzuk hasi ziren arrantzaleen bazkaria antolatzen eta gero eta giro handiagoa eta herrikoiagoa sortu zen. Bestalde, erretiratuek beren bazkaria egiten zuten egun berean. Orduan, 40-50 urteko jendeak, inbidiaz-edo, parte hartu nahi zuela erabaki zuen eta bere bazkaria antolatu zuen, tartekoena».
Tartekoak eta arrantzaleak Kale Nagusian bilduko dira eguerdian, I-14 izena ematen dioten egun honi ekiteko. Jaixkipe txarangarekin kalejiran ibiliko dira, eta bakoitzak bere aldetik bazkaldu ondotik, berriro elkartuko dira arratsaldean txarangarekin poteatzeko.
Hurrengo eguneko marmitako txapelketakoa da hirugarren herri bazkaria; hirurehun lagunek eman dute izena Karlos Saldise plazan goizean kozinatutako jaki goxoak dastatzeko, Trikisound taldearen musikaz gozatu bitartean.
Guztien ilusioz
Besta hauek parte hartzaileagoak izanen dira. Horretan egin dute ahalegina, behintzat, Jai Batzordeko lagunek. «Ez dugu errezeta berririk asmatu, aspaldikoak ditugu auzolana eta elkarlana. Horrela, ideiak elkar banatuz, elkarlanean, guztion laguntza eta ilusioarekin osatu ditugu aurtengo santakrutzak», agertu dute agurrean. Gazte, kirol elkarte, guraso eta bertze hainbat herritarren batzorde honek prestatu du, izan ere, agurra alkatearen ordez.
Gurasoen parte hartzea
Mikel Arruti Kultura zinegotziak jai eredu herrikoi hau sustatzeko bidean aurrera doazela azaldu zion GARAri, eta hor kokatu zuen guraso eta elkarteen parte hartzea handitzea. Haurrei zuzendutako ekintzak azpimarratu zituen, eta horietan gurasoak hartzen ari diren ardura gero eta handiagoa.
Umeentzako ekintzetan izanen dira, hain zuzen, aurtengo berrikuntzak, margo tailerrak antolatu baitituzte eta Zero Zabor taldeak produktu birziklatuekin egindako jolasak erakutsiko baititu.
Berritasunez aparte, ia beti egiten dituzten ekintzak daude, dagoeneko herrian errotuta daudenak, hala nola, kontzertuak (Okensay, Itziarren Semeak, Arkada Social, Friday Crew, Street Bastard, Strikers...), dantzaldiak eta Baserritarren Eguna. Egun hau jaietako azkena izanen da aurten, astelehena, eta Gurutze Santuaren plazako ganadu feriarekin hasiko da. Sariak banatu eta goizeko idi dema saioa eginen dute, eta jarraian baserritarren bazkaria izanen da Ixkulin eta Tiñelu elkarteetan.
Arratsaldeko idi dema saioaren ondotik, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Amaia Agirre eta Agin Rezola bertsolarien emanaldiaz gozatuko dute, eta bukatzeko Lezoko Tomas Garbizu Musika Eskolako bandaren kontzertua eta zezen suzkoa izanen dira, txinpartekin itxiz Santa Krutz jaiak.
48.600 euroko aurrekontua
Arrutik emandako datuen arabera, 48.600 euroko aurrekontua izanen dute aurtengo bestek, iazkoarekin alderatuta murritzagoa, krisiak halako erabakiak hartzera behartzen dituelako. Hala eta guztiz ere, horrek ez die eragotzi egitarau oparoa osatzen segitzea, gustu guztiak asetzea delako euren nahia.
Dantzazaleek, adibidez, Muxiko Eguna dute disfrutatzeko. Herriko dantza talde batek antolatu du hirugarrenez eta pixkanaka-pixkanaka indartzen ari den ekimena da. Kirolei dagokienez, Josetxo Etxandi 37. Oroitaldiko federatu mailako eta herri mailako pilota txapelketen finalak aipatu ditu Kultura zinegotziak; lehena bihar, Bekoerrota kiroldegiko frontoian, eta bigarrena larunbatean, Goiko plazan.
Jai Batzordeak gomendatzen duen bezala, «jo danborra gogor, gozatu I-14 egunaz, bete sabela bazkari herrikoietan, urratu eztarria rock kontzertuan, egin korri buruhandien aurretik, nahi duzuena, hamaika aukera badaude, baina ez geratu etxean, irten kalera eta disfrutatu santakrutzak!».
Urtero gero eta jende gehiagok ematen du izena danborradan, batez ere gazteek. Lau taldeen artean laurehun lagunera iritsi dira eta gehiagok ere parte hartu nahi dute, baina txiki gelditzen zaie herriko plaza.
Gazteek arrantzaleen bazkarian eta erretiratuek beren otorduan izaten zuten giro ederra ikusita, zerbait prestatzeko gogoa piztu zitzaien tartekoei, hau da, 40-50 urteko lagunei, eta beren bazkaria sortu zuten.
Txikienei zuzendutako ekintzetan izanen dira aurtengo jaietako berritasunak, izan ere, margo tailerrak antolatu dituzte eta Zero Zabor taldeak produktu birziklatuekin egindako jolasak erakutsiko ditu.
Berritasunez aparte, errotutako ekintzak daude, Baserritarren Eguna adibidez. Egun hau jaietako azkena izanen da aurten, astelehena, eta Gurutze Santuaren plazako ganadu feriarekin hasiko da.