John Cheever-en «Igerilaria», euskaraz irakurgai eta entzungai
Lehen aldiz, euskaraz irakurri eta entzun daiteke John Cheever estatubatuar ipuingilearen «Igerilaria» lana. Jasone Larrinagak euskaratu du eta Armiarma atarian zintzilikatu dute. Bilbo Hirian grabatuta, Xerezaderen Artxiboan ere instalatua dago.
A. A. | DONOSTIA
Ehun urte dira John Cheever idazle estatubatuarra jaio zenetik (1912ko maiatzaren 27an); hiru hamarkada, berriz, zendu zenetik (1982ko ekainaren 18an). Bi urteurren hauekin bat egin du Susa argitaletxeak eta lehenengo aldiz, euskarara ekarri du Jasone Larrinagak itzulita XX. mendeko ipuingile onenen artean kokatzen den Cheever-en lanetako bat, kritikariek bere kontakizun onenen artean duten «Igerilaria» (The swimmer).
«The New Yorker» aldizkarian argitaratu zuen Cheeverrek 1964an ipuin hau. Nobela izateko asmoarekin hasi zen, 150 orrialde oharrez idatzita omen zituen, baina ipuinerako hautua egin zuen azkenean. Lau urte beranduago, Frank Perryk zinemara eraman zuen istorioa, Burt Lancaster protagonista zuela.
Esan bezala, orain euskaraz goza daiteke ipuinaz Armiarma atariko (www.armiarma.com) «Euskarara ekarriak» atalean, eta irakurtzeaz gain, entzuteko aukera ere badago. Izan ere, Bilbo Hirian grabatua eta Xerezaderen Artxiboan instalatua dago (www.blogak.com/xalp/igerilaria) kontakizuna.
Alkohola eta krisia
John Cheever Massachusetts-en jaio zen. Amarekin eta Fred anaiarekin bizi izan zen, aitak abandonatu egin baitzituen alkoholetan zeukan diru guztia xahutu ondoren. 1930ean ikastetxetik kaleratu zuten, erretzea leporatuta, eta idazteari ekin zion.
1941ean Mary Winternitz-ekin ezkondu eta hiru ume izan zituzten. 1943an eman zuen argitara bere lehen bilduma, «The way some people live», zoriontasun falta eta krisia ardatz zituela. Bigarren umea jaio ondoren, New Yorketik Westchester auzora joan ziren eta bertan hasi zen gehiegi edaten, alkohola bere fikzio lan gehienetan presente izanik.
1982an hil zen John Cheever, 70 urte bete berri zituenean, eta bere desagerpenak 29 koadernoen agerpena ekarri zuen. 40ko hamarkadan idazten hasi zen eguneroko hau izan zen bere lanaren ardatz nagusi eta bere gordelekua.