GARA > Idatzia > Kultura

«XXI. mendeko Nafarroan» kokatu du Alberto Ladronek «Piztiaren begiak» thrillerra

p047_f01_97x128.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Misterioa eta suspensea dakartza berriro ere Alberto Ladron Aranak (Iruñea, 1967) bere seigarren liburuan. «Piztiaren begiak» (Elkar) hirurehun orrialde pasatxoko thrillerra da, hasieratik irakurlea harrapatzen duena eta ustekabeko bukaera indartsua eman diona. Oraingoan, ordea, hiru dira istorioaren protagonistak eta euren bitartez izango du irakurleak tramaren berri.

Batetik, Xabier Betelu dago, espetxetik atera berria, ETAko kide izan eta atentatua prestatzeagatik kondenatua, eta iraganeko zorrak garbitzeko gosez atera dena. Bigarrena, Da Silva polizia ohia da, 90eko hamarkadan brigada antiterroristan aritutakoa eta atxilotuei egindako tortura eta tratu txarrei esker ospe beltza irabazitakoa. Hirugarrenak, berriz, Jon Iriartek, bere emaztea eta alaba auto istripu batean galdu zituen. Orain eskutitz bat jaso du, hura ez zela istripua izan esanez, eta ez du bakerik izango bere familiarekin zer gertatu zen argitu arte. Aurreko bien arteko gerran topatuko du bere burua, nora ezean.

Idazleak bere jaioterrian girotu du istorioa, Iruñean; «Baztan ere agertzen da pixka bat eta baita Araba ere, Langraizko espetxe ingurua», zehaztu zuen atzo. «XXI. mendeko Nafarroan giroturik dago, eta, beraz, ageri diren gaiek zerikusi zuzena dute gure eguneroko kontuekin. Krisia ageri da, langabezia ere bai, eta euskal gatazkak protagonismo handia du argumentuan. Nolanahi ere, ez da gure gatazkari buruzko nobela bat. Gai hori erabili dut haren inguruan suspensezko trama bat egiteko. Erabat fikziozkoak dira pertsonaiak».

Bere esanetan, borroka armatua desagertu izanak «erraztu egiten du horri buruz hitz egitea. Bestalde, azken hamarkada hauetan gertaturikoari buruzko interpretazioa egiten ari da orain, eta garrantzitsua da bakoitzak bere bertsioa ematea, eta kontuari ahalik eta ikuspuntu gehienetatik begiratzea».

Teknologia berriak

Ladron Arana ez da irakurleei hitzaldiak eman zale, baina aitortzen du feedback-a gero eta handiagoa dela, irakurleen kopuruak ere gora egin duelako. Zaleen jakin-mina asetzeko asmoz, www.albertoladron.com ataria zabaldu du. Bertan ikus daiteke gainera, pelikulekin egiten den antzera, «Piztiaren begiak» liburuarekin egin duen book-trailerra.

Suediarrak bakarrik ez, euskarazko thrillerrak oso ongi saltzen direla dio iruindarrak. Bere «Arotzaren eskuak» (2006) 14. edizioan dabil eta Txertoak gaztelaniaz argitaratzeko asmoa du; «Zer barkaturik ez» iaz argitaratu zuen eta dagoeneko hirugarren edizioa du kalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo