GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Nor iritsiko da lehenago?

Irakurri ditut nik, Euskal Herrian, katalanen inguruko teoria politiko borobilak kafe ebakia katalanez nola eskatu behar den ere ez dakiten batzuen aldetik

Bartzelonan egindako makromanifestazioan parte hartzeko ohorea izan nuen, Independentistak Sarearen ordezkaritzan, antolatzaileek gonbidatuta. Ideia bat errepikatzen zen lagun katalanekiko elkarrizketetan: «gu lehenago iritsiko gara», esaten ziguten, batzuetan galdera tonuan, beste batzuetan, segurtasun handiaz. «Gaurkoaren arabera aurreratuta zoazte, ados, baina ikusiko dugu», erantzuten genien, irribarrez.

Lehia osasuntsua gurea, jakina, baina airean gelditzen zen galderak erantzun zaila dauka. Aldaketa handiko garaia bizitzea egokitu zaigu, zeinean errezeta itxiek deus gutti esaten baitigute. Bizkorrago, mantsoago, zuzenago, traketsago, ibilbidea konplexua da, erritmoak etengabean aldatzen direlarik. Nola jakin nork irabaziko duen independentziara iristeko bi herrien arteko lehiaketa? Izugarria da manifestazioaz egin duten urratsa, aurretik agertzen ari ziren hainbat sintoma baieztatzen dituena. Lurrikara sozial, politiko eta ideologikoa gertatzen ari da Katalunian, zer ikasi eskaintzen diguna, baina behar bezala aztertu behar dena.

Bost minututako azterketa «sakonetatik» ihes egitea komeni da, ez baita ondorio jakintsurik isurtzen azalkerietarik. Irakurri ditut nik, Euskal Herrian, katalenen inguruko teoria politiko borobilak kafe ebakia katalanez nola eskatu behar den ere ez dakiten batzuen aldetik. Herrialde Katalanen historiari ordu laurdena ere eskaini ez diotenen aholkuak izan ditut, ene harridurarako, begien aurrean, hango egoera azaltzeaz gain, Euskal Herrian egin beharrekoak argitzen zituztenak, zerutik jaitsitako egia absolutu gisa.

Katalanen arrakasta batzuk begi bistan daude, eta agerikoa da ez gaudela behin-behineko fenomeno baten aurrean. Baina kalera iritsi den haserreak arrazoi sakonak eta hurbilak ditu, eta denak ez doaz bide beretik. Katalan batzuek esaten zigutenez, jende uholdeak biltzen ederki dakite, baina egunoroko jardueretan, oztopo eta blokeoei aurre egin behar zaielarik, gauzak oso ezberdinak dira.

Mitifikazioak arriskutsuak dira. Afera ez da katalanek ixilpean eta gatazkarik gabe guk kolpeka eta oihuka egiten duguna egin izana. Horrelako sinplifikazioek ez digute errealitatearen konplexidadea aintzat hartzeko laguntzarik emanen. Katalunian atzematen den giroa, esaterako, ez da Valentzian edo Mallorcan, edo Perpinyan aurkitzen dena. Valentzia ez da Iruñea, ezta Perpinya Baiona ere. Lurraldetasunari dagokionez, bada zer pentsa, esaterako, Pais Valencià eta Nafarroari begira, trantsizioaren kudeaketa egin zutenek antzeko helburuak zituztelako, emaitzen ezberdintasuna agerikoa delarik.

Ongi dakigu nazio subjektuaren zatiketaren arriskua zer den, eta batzuek berritzat aurkeztu nahi badigute ere (Euskadi 2.0?) ikasi dugu zer dagoen hiru lurraldetarako estrategiaren atzean, eta ez da independentziara iristeko arrazoizko bidearen bilaketa, beste zerbait baizik.

Jakin beharko genuke balio ahal diguna hartuz, geure bidea hautatzeko laguntza gisa. Independentziarantz urrats berriak egiteko, hots. Finean, afera ez da nor iritsiko den lehen argitzea, biak iristea baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo