GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega

Euskal kirolariak Alemanian arituko dira

p035_f02_88x112.jpg

Jon LEUNDA

Segalarien denboraldia bukatzear dago, baina oraindik geratzen dira ekitaldi garrantzitsu batzuk, eta horietako bat gaur ospatuko da Alemanian, Stuttgart hiriaren ondoan jokatuko baita nazioarteko lehiaketa bat, eta hantxe izango dira Euskal Herritik joandako segalariak.

Zortzi mutil eta neska bat lehiatuko dira gaur, 10.00etan hasiko den ekitaldian. Mutiletan, Gabirondo, Altzo, Mitxelena, Esnaola, Llobregat, Garmendia, P. Astondoa eta A. Astondoa neurtuko dira. Nesketan, berriz, Irati Astondoa arituko da.

Sega txikian eta sega librean izango dira saioak, banaka, eta gero taldeka ere izango da ekinaldi bat. Han, Esnaolak, Gabirondok eta Mitxelenak osatutako taldeak izango omen ditu irabazteko aukerarik gehien.

«Egia esan, taldekakoan irabazteko itxaropenekin goaz. Bai Esnaola, Gabirondo edo Mitxelena eskarmentu handikoak dira, eta hiruren artean oso talde ona osatzen dutela uste dugu», esan zuen Altzok, Almitza elkartekoak.

Txapelketa bera nolakoa izango den ere adierazi zuen Altzok: «Egia esan ez da Europa mailan dagoen lehiaketarik garrantzitsuena, baina beti oso jende ona izaten da bertan. Nik uste dut, lehen esan bezala, taldekakoan aukera asko daukagula, eta banakoan ere ikusten ditut irabazteko aukerak. Igor Esnaolak ikaragarrizko maila eman du, eta zerbait egin dezakeelakoan nago», zioen Mielmari Jauregi Altzok.

Parte hartuko duten gainerakoei buruz, honako hau esan zuen: «Guk dakiguna da, Euskal Herriaz gain, Alemania, Austria eta Suitza lehiatuko direla. Ez dakigu Polonia edo beste herrialderen bat izango den, baina gu laurok seguru», aitortu zuen Almitza elkartekoak.

Aizkora

Aizkoran, Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako bi saio jokatuko dira. Bata gaur arratsaldean izango da, eta bestea, berriz, bihar eguerdian ikusi ahal izango da.

Gaur, 18.30etik aurrera jokatuko da Ubondo-Leioan, eta bertan Donato Larretxea eta Ugaitz Mugertza neurtuko dira. Mutrikuarrak jadanik ez dauka finalean sartzeko aukerarik, eta nafarrak dituenei eusteko garaipena erdietsi beharra dauka. Bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu, eta denetako denborak batu eta onena duenak irabaziko du.

Bihar, berriz, Lapueblan jokatuko da beste saioa, 12.30etik aurrera. Bertan Floren Nazabal eta Iñaki Azurmendi lehiatuko dira. Etxarriko txapeldunak finalean sartzeko garaipen bat behar du, eta hori lortzen baldin badu, helburua lortuta izango du. Azurmendik, berriz, jadanik ez dauka aurrera egiteko ia aukerarik. Saioa hala ere oso erakargarria da, iazko Euskal Herriko Txapelketako bi onenak neurtuko baitira. Sei proba egin beharko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo