GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Errugbia Top 14

Aviron etxean garaipena lortzera behartuta dago

Zuri-urdinek orain arte jokatutako lau partidetatik bakarra irabazi dute, eta zuloan sartzen hasi nahi ez baldin badute, puntuak launaka batu behar dituzte.

p035_f01_148x104.jpg

Jon LEUNDA

Top 14ko bosgarren jardunaldia hasi aurretik, Biarritzen eta Avironen egoerak oso ezberdinak dira. Zuri-gorriak sailkapeneko bigarren postuan daude, orain arte jokatu dituzten partida guztiak irabazita, eta zuri-urdinek, aldiz, orain arte norgehiagoka bakarra bereganatu dute.

Baionakoen egoera larria dela esaterik ez dago. Une honetan sailkapeneko bederatzigarren postuan daude sei punturekin. Partida bakarra irabazi dute, baina beste bitan puntu gehigarria ere lortu dute.

Hori dena argi izan arren, gaur irabaztea oso komenigarria da, bestela beheko zulora gerturatzen hasiko dira, eta gero handik irtetea ikaragarri kostatuko zaie. Baionarrek 18.30etik aurrera jokatuko dute Jean Dauguer estadioan, eta Racing Metro Paris izango dute aurrean.

Pariseko taldea aurrean ibiltzeko eginda dago, beste asko bezalaxe, baina haien Liga hasiera ez da kanpaiak jotzen hasteko modukoa izan. Lautik bi partida irabazi dituzte, eta bi galdu. Horiek ere bi bonus lortu dituzte eta hamar punturekin zazpigarren postuan daude.

Aurkari arriskutsua dute aurrean gaur Baionakoek. Racingek talde ona dauka, erasoan min handia egiten du, eta kontuz ibili beharko dute. Garaipen batek sailkapenaren aurrealdera bidaliko lituzke Baionakoak, baina porrot batek behealdera, eta iazkoaren ostean, Jean Dauguerren batzen diren zaleek taldea irabazten ikusi nahi dute.

Azken orduko aldaketarik ez bada, hau izango da Avironen hamabostekoa: Igiñiz, Roumieu, Boyoud, Senekal, Boutaty, Bernad, Chisholm, Puricelli, Phillips, Potgieter, Rokocoko, Mazars, Ahotaeiloa, Gerber eta Spedding. Aulkian, berriz, Arganese, Lafond, Baget, Haare, Garcia, Boyet, Heymans eta Manukula geratuko dira.

Biarritzen hasiera ezin hobea izan da. Lautik lau irabazi ditu, eta sailkapeneko bigarren postuan dago, lehenengo doan Toulonengatik puntu batera, haiek bonus bat gehiago lortu dute, eta horregatik dago puntu baten diferentzia.

Gaur 18.30etik aurrera Castresen zelaian jokatuko du talde zuri-gorriak, eta aurkari benetan gogorra izango du aurrean, eta Biarritzen tamaina noraino iristen den ikusteko ere balioko du. Tolosari irabazi zion talde zuri-gorriak, baina etxean izan zen. Orain kanpoan beste handietako bat menderatzen baldin badu, bai taldeak, bai zaleek, benetako konfiantza hartuko dute.

Biarritzen hamabostekoa hau izango da: Barcella, Genevois, Gomez Kodela, E.Lund, Taele, M.Lund, Guyot, Lakafia, Lesgourgues, Peyrelongue, Baby, Traille, Haylet Petty, Ngwenya eta Balshaw. August, Synaeghel, Thion, Guyot, Barraque, Burutu, Brew, Van Staeden eta Broster aulkian geratuko dira.

Biarritz

Zuri-gorriek Ligari hasiera ezin hobea eman diote, jokatu dituzten lau partidak irabazi egin baitituzte. Gaur arratsaldean, Castresen zelaian jokatuko du talde lapurtarrak, 18.30etik aurrera.

Bigarren

Nahiz eta jokatutako lau partidak irabazi, Biarritz bigarren dago, lehenengo doan Toulonengandik puntu batera. Frantziarrek bonus bat gehiago lortu dute, eta horixe da bien arteko aldea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo