GARA > Idatzia > Euskal Herria

Urdulizko Andra Mari jaien bigarren eta azken asteburua, hamaika ekitaldiz gozatzeko

Urdulizko Elortza auzoan ospatuko da Andra Mari jaien azken txanpa. Jai Batzordekoek egitarau zabala prestatu dute astebururako: kirol jarduerak, dantza saioak, kontzertuak, gastronomia ekitaldiak...

p016_f02_133x098.jpg

Jon ADAN | URDULIZ

Urdulizko Andra Mari jaien bigarren eta azken asteburua da honakoa. «Joan den asteburuan jaiak hasi eta ekitaldi gehienak Landa auzoan ospatu genituen. Bigarren honetan, aldiz, atzotik eta bihar arte, Elortza auzora ekartzen ditugu festak», azaldu du Karmen Kareagak, Urdulizko Jai Batzordeko kideak eta herriko kultur zinegotziak. Atzokoan, besteak beste, umeek eskubaloiaz gozatzeko aukera izan zuten Lehendakari Agirre plazan, eta The Uskis, Vendetta eta Gora Herria taldeek jo zuten Elortza auzoko txosnagunean.

Gaur, kalejirak emango dio hasiera egunari, eta 11.00etan txu-txu trena eta umeentzako jolas parkea jarriko dituzte Elortzako patioan. Bestalde, nobedade gisa, 12.30ean asto lasterketa egingo dute udaletxe ondoan, «lehendabizikoz antolatu dugu, eta lehiaketa baino erakustaldia izatea nahi dugu», dio Kareagak. Ondoren, 14.30ean herri bazkaria egingo dute Iparralde kiroldegian, eta 17.00etan profesionalen arteko pilota partidak izango dira frontoian.

Iluntzeko 20.00etan, trikitixa eta panderoak alaituta, sardina--jate herrikoia egingo dute Udaletxe Plazan, eta 22.30ean Mozorro Gaua eta musika kontzertuak izango dira txosnagunean.

Bihar, aldiz, Andra Mari jaiei amaiera emateko, 11.00etan XV. Frontenis txapelketako finalak jokatuko dituzte binaka eta bakarka Lehendakari Agirre plazako frontoian; eta arratsaldean, 17.30ean, kotxe txapelketa eta erakusketa antolatu du Urdulizko Iparralde Racing Club taldeak txosnagunean. Ordu erdi beranduago eta jaien azken ekitaldi gisa, gazte, nagusi zein helduentzako areto dantzak izango dira txosnagunean.

Herritarren parte-hartzea

Aurtengo festak, ohitura den moduan, Urdulizko Jai Batzordeak antolatu ditu bere osotasunean, «eskerrak eman behar dizkiegu Jai Batzordea osatzen duten herritar talde guztiei, buru-belarri eta musu truk egon baitira lanean jaiak antolatzen», adierazi du Karmenek.

Urdulizko Jai Batzordekoek urtero festa parte-hartzaileak sustatzea helburu dutela argi utzi du Kareagak. «Herritik eta herriarentzako jaiak antolatzea da gure erronka eta aurten ere, aurrekontu murritzagoarekin bada ere, gazte, heldu zein nagusientzako festak antolatzea lortu dugu». Bestalde, herritarrei zein bisitariei mezua bidali die. «Antolatutako ekitaldi orotan parte har dezatela eta bai urduliztarrek bai herrira bertaratutakoek jaiez goza dezatela».

Txosnei dagokienez, bost daude, Elortza auzoko plazan kokatuak. Barrakak aldiz, Landako eliza ondoan jarraituko dute aurten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo