GARA > Idatzia > Euskal Herria

Xaretaren Egunaren lehen ediziorako, Ainhoa eta Urdazubi arteko bidea estreinatuko dute

p016_03_88x72.jpg

GARA | BAIONA

Xaretaren Eguna lehen aldiz ospatuko da bihar Urdazubin. Nafarroako eta Lapurdiko lau herri biltzen dituen Xareta eskualdea hobeki ezagutarazteko helburua du ekimenak. Beste hainbat ekitaldiren artean, Urdazubitik Ainhoara joateko bide berri bat estreinatuko da eguerdian.

Xareta lau herriz osatua dago, Nafarroako Urdazubi eta Zugarramurdi eta Lapurdiko Sara eta Ainhoa. Kilometro karratu gutxi horiek historiaurretik bertako jendearen elkargune izan dira, Sarako eta Urdazubiko harpeek argiki erakusten duten gisara. Historian zehar gauzatu den harreman hori gaur egun ere sustatzeko Urdazubitik Ainhoarako bide berria ireki dute.

Xareta Eguna aurten Urdazubin eginen bada ere, urtetik urtera kokagunea aldatuz joanen da, eskualdea osatzen duten lau herrien artean.

Egitaraua

Egun osorako programazioa prestatu dute antolatzaileek. Goizetik arratsera musika izanen da herriko karriketan zehar. Goizeko hamarretatik eguerdiko hirurak arte artisautza merkatua ere izanen da herriko erdigunean.

Goizeko zortzi eta erdietan Urdazubitik abiatuta Ainhoako bide berria egiteko gomita zabaldua da, gero berriz Nafarroako herrira itzultzeko. 12.30ean bidearen inaugurazioa ekitaldia eginen da.

Horren ondoren, herri kirolen erakustaldia izanen da. Bazkaltzeko orduan zikiro jatea izanen da herriko frontoian. Bazkalondoan, eta arratsaldeari hasiera egokia emateko, «Pilotaren unibertsoa» izeneko erakustaldia iragarri dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo