GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Primo Levi gogoan (I)

Apirilean Primo Levi (1919-1987) hil zenetik (ustez bere buruaz beste eginda) hogeita bost urte bete ziren. Horren harira, kimikari, idazle, pentsalari eta, ororen gainean, pertsona ospatu eta gogoratu nahi zuen ekitaldian izan nintzen duela egun batzuk.

Ekitaldi xumea izan zen, baliabide gutxikoa, nahiko harrigarria dena espektakulua nagusi den garai hauetan. Bi aktorek Leviren «Se questo è un uomo» (1947 eta 1958; «Hau gizon bat bada» euskaraz, Mikel Irurtiak itzulia), «La tregua» (1963) eta «Il sistema periodico» (1975; «Sistema periodikoa» euskaraz, Juan Garzia Garmendiak itzulia) lanetatik hautaturiko pasarteak irakurri zituzten.

Tarteka, eta aldez aurretik aktoreak irakurritako pasartea aintzat hartuta, Leviren obran aditua zen norbait mintzo zen. Testu guztiak ziren gogoangarriak, baina batek bereziki deitu zidan arreta, akaso aktoreek hura eszenifikatzeko hautatu zuten moduagatik. Pasartea «Se questo è un uomo» laneko «Il canto di Ulisse» zen, non Levik lager-ean igarotako denbora Danteren infernuarekin parekatzen duen. Salda-anoa jasotzera doan batean, Levi Jean mutiko alsaziarrari, Pikolo deitu ohi diona, italiera irakasten saiatzen da Danteren Divina Commediako «Il canto de Ulisse» adibide moduan hartuta. Jean kapoaren laguntzailea da.

Kapoak maila goragoko presoak ziren, normalean jarduera kriminalengatik atxilotutakoak, eta gainerako presoak euren ardurapean egoten ziren. Kapoaren laguntzailea den aldetik, Pikolok rol txiki baina, aldi berean, esanguratsua jokatzen du presoen hierarkia barruan. Bitxia dena zera da, Levik mutikoari italiera irakasteko aukeratzen duen lana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo