Ipar Euskal Herriak ahots bakarra izanen du Parisen
Albiste ona ez ezik, garrantzitsua ere bada Ipar Euskal Herriko hautetsi guztiek lurralde elkargoaren aldeko aldarrikapena Parisera eramateko erabakia. Historikotzat jo dute zenbaitek, oraino goizegi bada ere hartarako, eta denborak erran beharko baitu historikoa denetz; alta, ezin ukatu inoiz erdietsi ez den adostasuna dela. PSren baitako jarrera desberdinen gainetik, alderdi horretako jarrera jakobinoen gainetik, beste hautetsi sozialista batzuk ados baitzitren lehenagotik, hiru herrialdeetako hautetsi guztiek bat egin zuten eskariarekin. Asanblea Nazional frantsesean Euskal Herria eta Biarno bere baitan hartzen dituen departamendua ordezkatzen duten sei parlamentarietatik bost ados dira euskal hautetsien asmoarekin. Paueko Kontseilu Orokorrreko presidente George Labazée biarnesak, ordea, lurralde elkargoa sortzeko egitasmoa aintzat ez hartzeko eskatu dio Parisi. Hori oztopoa da, zalantzarik gabe, baina ezin dio garrantzirik kendu lurralde elkargo propioa sortzeko aspaldi handiko aldarriaren inguruan lorturiko batasunari. Hautetsiek euskal herritarren eskaria bere egin eta Parisera eramanen dute ahots bakar batez; hortaz, Parisek ez du jadanik hautetsien adostasun faltaren aitzakia, ahots hori Ipar Euskal Herriko hautetsi guztiena baita. Baina, batez ere, herritarrengandik jasotakoa da, eta hori da aintzat hartzeko arrazoi nagusia.