GARA > Idatzia > Kultura

Scot Derricksonen azken filmak zabalduko du Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea

GARA | DONOSTIA

«Sinister» filmak irekiko du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea. Hala iragarri zuten atzo, Publikoaren Saria eskuratzeko asmoz lehiatuko diren gainerako filmen izenekin batera.

Inaugurazioko pelikula urriaren 31n estreinatuko bada ere, Donostian 27an ikusi ahal izango da. Scot Derrickson du zuzendaria, «The exorcism of Emily Rose» eta «The Day the Earth Stood Still» pelikulen sortzailea. Aurkeztuko duen istorioa etxe berri batera bizitzera joaten den familia baten ingurukoa da. Aitak nobela bat idazteko ideia izango du etxean pelikula bateko zatiak aurkitzean. Ikusten duenak bertan aurretik bizi zen familiari gertatutako ezbeharren berri emango dio.

«Sinister»-ekin batera beste zazpi pelikula proiektatuko dituzte lehiaketaren barnean. «The ACBs of the death» 26 istorioz dago osatuta, 26 zuzendarik egindakoak. Bakoitzari alfabetoko hizki bat eman zitzaion eta horrekin hasten zen hitz batetik abiatuta beldurrezko istorio bat garatu behar zuen. Parte hartu duten zuzendarien artean puntako sortzaileak daude: Nacho Vigalondo, Ti West, Xavier Gens, Jason Eisener, Bruno Forzani, Srdjan Spasojevic edo Noboru Iguchi, adibidez.

Azken honek bere azken filma aurkeztuko du, «Dead sushi» izenekoa eta sushi zatiei bizitza ematen dien gizon japoniar baten ingurukoa da. Japoniatik dator «Blood-C, the last dark» pelikula ere, anime generokoa. Izen bera duen telebista saio arrakastatsuan dago oinarrituta.

Film horiez gain, hildako berpiztuei buruzko «Cockneys vs Zombies» komedia, «Deranged» thrillerra, «Grabbers» poliziakoa eta «Insensibles» izango ditugu Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo