GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jon Mikel Murua, Alejandro Balda eta Estanislao Narbaiza Lurkide Hondalanak SL, Tximistarri SL eta Hirigintza SA

Oartxo zabortegiko errealitatearen argipena

Gai hauei guztiei buruz kanpo ikuskaritza bat egin beharra dago. Honen ondorioetatik egia lortuko da, baita Greenpeace-ri egindako salaketa «ezezaguna»- ren jatorria ere

Aurreko irailaren 4an Azkoitiko Alkatetzak Oñartxo zabortegiari buruz emandako prentsaurrekoa dela-eta, ingurumen egokitzapen lanetan jardun diren enpresek (Lurkide Hondalanak SL, Tximistarri SL eta Hirigintza SA) honakoa adierazi nahi dute:

1. Komenigarria da argi bereiztea, alde batetik, Hierros Eguino SLri Egino Berriko lurren eta lixibiatuen erosketa; Azkoitia Lantzen SA eta Oñeder SA arteko alokairu kontratuaren ebazpena, Azkoitia Lantzenek bere gain hartu zituen Oñederrek bertan utzitako altzairu hautsen ingurumen erantzukizunak; urteetan zehar zabortegian isuritako hondakinengatik Udalak jasotako kanona, eta, bestetik, azken urtean egindako lixibiatuen tratamendua.

Gai hauen berri Azkoitiko Udaleko eta Azkoitia Lantzen SAko zerbitzu tekniko eta juridikoek eman dezakete, horiek izan baitira gai hauetan guztietan protagonista. Era berean, horiek izan dira hurrengo 30 urteetarako lixibiatuen kudeaketa 500.000 euroan baloratu, eta zortzi hilabete geroago, 15.613.000 euroko balorazioa lortzeko xehetasunak eman zituztenak.

2. Oñartxo zabortegiko ingurumen egokitzapen lanei dagokienez, hauek zabortegiak duen Ingurumen Baimen Bateratuaren barne daude, eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia dute, baita dagokion udal baimena ere. Obra horietan zehar lixibiatuen baltsa hustu egin da, eta berorren betelana araudi guztia betetzen duten produktuekin egina dago. Baltsa horretan ere, inertizazio plantaren azpian zeuden altzairu hautsak ezarri ziren, zabortegi barnean dauden berberak. Altzairu hauts hauen kudeaketa Azkoitia Lantzen SAri zegokion Oñeder SArekin harturiko konpromisoarengatik. Azken hauek dira aipaturiko minbizi-sortzaile diren hondakinak, Azkoitia Lantzen SA delarik horien jabe.

3. Obra hauen barne, lixibiatuen tratamendua egin da 2011ko irailaren 1etik 2012ko abuztuaren 31raino, enpresa kontratistak eta Azkoitia Lantzenek sinaturiko kontratuaren arabera, berauen gainbegiralea Arturo Garate udal arkitektoa zelarik. Lixibiatuen tratamendua era egokian egin da, hauen emaitzak justifikatzen duen dokumentazioaren berri eman zaielarik Azkoitia Lantzen, URA eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitateko Zuzendaritzari. Azken hauek prozesu osoan zehar gainbegiratu dute egindako tratamendua.

Azkoitia Lantzen lixibiatu tratamenduko kontratuko epearen jakitun izanik, hauen etorkizuneko tratamenduari buruzko kudeaketa ezarengatik, abuztuaren 6an hasi zen lanean, hainbat kontratazio prozesu argitaraturik. Esleipen hauetara ez da inor aurkeztu. Hein horretan, abuztuaren 30ean kontratistari kontratuaren luzapena proposatu zion lixibiatuen tratamenduaren esleipen zuzena egin arte. Kontratistak uko egin zion eskaintzari bi arrazoiongatik: egoki burututako lanen ordain eza (200.000 euro zor dizkiote) eta tratamendu plantak behar dituen berriztatze eta inbertsioen (150.000 euro inguruan) ordainketa, izandako aurrekariak direla eta.

Kontratistak eginiko ukamenaren aurrean, Azkoitia Lantzenek Azkoitiko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu zion tratamendu plantaren esku hartzea, planta hau kontratista eta azpikontratistarena izanik. 2012ko abuztuaren 31n azpikontratistak bereak diren instalazioak jaso zituen arrazoiaren indarra erabiliz. Alkate jauna instalazioetara iritsi zenean, udal idazkariak, Begoña Garmendiak, idatzi bat eman zion azpikontratistari planta jasotzeko baimenik ez zuela esanez, desmuntatzea eta jasotzea kontratuko dokumentuetan adierazten delarik. Azkoitia Lantzen indar publikoa erabiltzen saiatu zen, ez azpikontratista, sinaturiko kontratuan adierazitakoa besterik egin ez zuelarik.

4. Muntaia mediatiko honen erantzule bakarra Azkoitia Lantzen da. Gai hauei guztiei buruz kanpo ikuskaritza bat egin beharra dago. Honen ondorioetatik egia lortuko da, baita Greenpeace-ri egindako salaketa «ezezaguna»-ren jatorria ere. Aipatzen diren erantzukizunei buruz, hauek Azkoitia Lantzeni eskatu behar zaizkio informazioa eta gertakariak nahasteagatik, onartuta eta epemuga igarota duten kontsignaturiko aurrekontuen ordainketa ezarengatik, ez premiazkoa den eta eskubideen aurka egiten duen indar publikoaren erabilerarengatik, eta abar.

Istorio honek duen hedapenaren ondorioz ezinezkoa da lerro batzuetan laburtzea. Honela, gai honi buruzko gertaera guztiak jasotzen dituen informazio blog bat irekitzeko aukera aztertzen ari da. Edonola, sarbide publikoa duten Azkoitia Lantzen SA eta Azkoitiko Udaleko txostenetan dauden dokumentuetan froga daitezke adierazitako informazio eta gertakariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo