GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Casting-a Zugarramundin

Alex de la Iglesiaren akelarrean parte hartzeko 500 sorginen bila

Akelarre erraldoi batekin egingo dute topo Zugarramurdin Alex de la Iglesiaren film berriko protagonistek. Jai horretarako 500 sorginen bila aritu zen atzo pelikulako lan taldea.

p036_f01.jpg

Ane ARRUTI

Emakumezkoak bilatzen dituzte batez ere, 18 eta 75 urte bitartekoak, eta txalapartariak, irrintzilariak, euskaldunak eta elastikoak badira, askoz hobe. Alex de la Iglesiak akelarre erraldoi batekin emango dio amaiera «Brujas de Zugarramurdi» bere proiektu berriari, eta horretarako, 500 pertsonen aukeraketa egiteko casting-a egiten ari dira atzo eta gaur Nafarroako herrixka honetako Sorginen Museoan. Gizonezko gutxi batzuk ere aukeratuko omen dituzte, akrobatak ziur aski, azaldu zutenez.

Jendearen interesa agerian gelditu zen atzo. Goizean goiztik ilarak sortuz joan ziren herrian. Abileziak erakusteko gogoz hurbildu ziren gehienak, txalaparta furgonetan kargatuta, eztarriak bero-bero eginda, malabare zakua bizkarrean... Baina artista erakustaldiak beste baterako gorde behar izan zituzten, atzo –eta gaur– fitxa betetzeko eguna baino ez baitzen, datuak idatzi, dokumentuen fotokopiak entregatu eta argazkia egin: zenbaiti aurpegiz bakarrik, albora begira ere bai, gorputz osokoa kasu batzuetan...
Izan ere, 500 pertsona behar dituzte akelarrea osatzeko, eta horretarako ez dute trebetasun berezirik eskatzen, baina emakumez osatutako talde txiki bat filmeko protagonisten inguruan egongo da, eta besteak beste, euskaraz jakitea bilatzen dutela azaldu zuen Pilar Moya casting-eko zuzendariak.

Beldurrezko komedia honen protagonista horien artean, Hugo Silva, Mario Casas eta De la Iglesiarekin hainbatetan aritutako Santiago Segura egongo direla aurreratu zuten atzo: «Maskara batzuekin sorginez mozorrotuko da Segura, beraz, gizonezkoek ere baduzue aukera sartzeko», lasaitu zituen Moyak etsita azaldu ziren gizonezkoak.
Zugarramurdin grabatuko dituzten sekuentziak pelikularen bukaerakoak izango direla azaldu zuten. Filmeko protagonistak Madrildik ihesi iritsiko dira Nafarroaraino eta akelarre batekin egingo dute topo. Bi aste iraungo ditu filmazioak –urriaren 1etik 13ra bitartean, asteburuan atsedena hartuz– eta arratsalde-gau aldera egingo dute haitzuloetan bertan. Hamar-hamaika orduko lanaldiak izango direla aurreratu zuten.

Kontratu eta guzti

Casting-aren arduradunek argi utzi zituzten aukeratuek izango dituzten baldintzak. Guztiei lan kontratua egingo zaie, horregatik bajan daudenek ezingo dute parte hartu. Filmazio eguneko 30 euro ordainduko dituzte, eta hamar gehiago dietetarako. «Goizeko 02.00etan bokata bat banatuko dugu, baina hala ere, kontuan izan filmazioak oso luze joaten direla. Nire gomendioa etxetik ongi merendatuta etortzea da», abisatu zuten.

Zenbait egunetan jende gehiago behar izango dute, 400-500 pertsona; beste batzuetan 100 baino ez... Horregatik, Moyak azaldu zuenez, baliteke filmazioa hasi eta oraindik guztiei deitu ez izana. «Astetik astera funtzionatzen dugu eta jende gehien behar ditugun egunak bigarrengoan daude. Beraz, zenbaiti urriko lehen aste horretan deituko diegu».
Inor gogoz gelditu bada, gaur ere bertan izango dira 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara. Nortasun agiriaren, Gizarte Segurantzako txartelaren eta bankuko libretaren kopiak (hiru dokumentuenak) aurkeztu behar dira.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo