GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Joxe Iriarte, «Bikila» Gorripideako kidea

26tik aurrera, planto!

Planto sistemari. Datorrenetik datorrela, planto gobernu edo instituzioetatik datozen lege eta neurri bidegabeei. Eta lehenengo plantoa zorra kitatzeari egin behar zaio. Zorra kitatzeko gobernuek ezarri dituzten neurriei men egiten badiegu, jai dugu. Herritarrok (oro har) sortu ez dugun zorra kitatzeak suposatuko luke (herri, klase eta pertsonak bezala) guztiz hipotekatuak geratzea. Burua ezin altxatzea, betiko zorpetuak izateaz gain, esklabotzara itzultzea.

Hitzak eta pitzak, jada soberan daude. Krisiak eztanda egin zuenetik kapitalaren instituzioak eta bere morroiek (Troika, Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, CEOE, Confebask, eta abar) ohiko esplotazio mekanismotik haratago jo dute, eta gerra soziala deklaratu digute herritarroi. Gerra soziala. Alegia, botere ekonomiko, politiko, judizial eta poliziala (militarra oraindik ez dute erabili, baina adi!) ziztu bizian egokitu dute, sistemaren erraietatik sorturiko krisia gure bizkar ordaindua izan dadin.

Egoera horren aurrean, herritarrok batasun borrokalaria antolatu behar dugu. Ahalik eta batasun zabalen eta eraginkorrena. Izaera subertsiboa eta anitza, internazionalista, antikapitalista eta transbertsala izango duen mailako fronte politiko-soziala, izaera desberdineko mugimenduak elkartuz: ekologismoa, feminismoa, langile mugimendua, askapen nazionalekoak, oinarrizko askatasun demokratikoen defentsakoak... Eta hori gurean ez ezik, Europa osoan ere bai.

Eta batasunaren bidetik, klase borroka iraunkorra, hats luzekoa, eta erasoen neurrien arabera gogortzen joan beharko duena. Saltoki handietan hasi berri diren janari desjabetzeak ekintza xume eta sinbolikoak izan arren, bidea markatzen dute. Duela hiru urte Frantzian izandako greba uholdean, lantegi okupazioak, garraio sistemaren kolapsoa, energia iturrien blokeoa bultzatu zituzten langileek, herritarren onespenarekin. Esan nahi dut inertziak eta errutinak janda herdoilduta dituen borroka moldeak, jarrerak eta bizimodua aldatzen ikasi behar dugula.

Eta borrokan bizipoza berreskuratu. Internazionalaren euskal bertsio batean, «Zutik lurrean kondenatu zaren langile tristea», esaten da. Eta giro hori nabari da zenbait lantoki istilutan eta zenbait borrokatan. Nik nahiago dut behialako Errenteria-Oreretako asanblada glorioso haietako batean entzun nuena: Umore gabeko iraultza, gorringo gabeko arrautza!

Hala biz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo