GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

«Cordoba taldera etortzearekin, nire kirol bizitzan urrats bat egin dut aurrera»

p041_f01.jpg

Mikel Saizar

Futbol atezaina

Mikel Saizar atezain gipuzkoarrak bere lehen denboraldia du Cordoba taldean. Iaz sekulako sasoia egin zuen Guadalajaran, eta Bigarren Mailako talde handi baten ateak gurutzatu ditu orain. Ez da jokatzen ari, etxetik oso aparte dago, bero handia egin die orain arte, baina bera gustura dago Andaluzia aldean, eta lana egiteko gogoz, Arcangel estadioko ateko nagusia izateko itxaropenarekin.

Jon LEUNDA

Mikel Saizar jokatzeko gogoz dago, baina orain arte egon den taldeetan ere, aulkian ekin behar izan die denboraldiei, nahiz eta hamaikakoetan bukatu duen. Cordoban ere itxaropen bera dauka.

Nola zaude Cordoba aldean?

Ongi, oso gustura. Orain arte bero handia egin digu, etxetik oso aparte, ama 800 kilometrora daukat eta ez da erraza, baina hemen oso gustura nago. Jende jatorra dago, eta ez nago kexatzeko moduan. Gainera, talde on batera etorri naiz, eta hori ere oso garrantzitsua da.

Zergatik aukeratu zenuen Cordoba taldea?

Guadalajaratik bota nindutenean, etxetik gertuagoko talde bat topatzea nuen ametsa, baina orduan Cordobaren eskaintza jaso nuen. Lehen Mailara igotzeko helburuak dituen talde bat da, iaz ere igoera fasea jokatu zuen, eta eskaintza ere oso ona zen. Garbi daukat nire kirol bizitzan urrats bat aurrera egin dudala Cordoba taldera etorrita.

Orain arteko okerrena aulkian egotea izan al da?

Bai, izan ere, beti jokatu egin nahi izaten dugu. Dena dela, hau ez da berria, orain arte joan naizen leku guztietan aulkian hastea tokatu zait. Alberto Garcia ari da jokatzen, eta nik Kopan bakarrik jokatu dut. Bera atezain oso ona da, eta garbi dago lana egin beharra dagoela. Orain arte beti talde guztietan jokatzen amaitu dut, eta hemen ere gauza bera egiten saiatuko naiz, horretarako lan handia egin beharra dagoen arren.

Zein da taldearen helburua?

Gutxienez iazkoa errepikatzea. Pasa den denboraldian Lehen Mailara igotzeko igoera fasea jokatu zuen, beraz hori da eskatzen digutena, eta guk horretan saiatu nahi dugu.

Presiorik nabaritzen al duzue?

Bai, baina normala ere bada hori. 10.000 abonatu dauzka taldeak, eta helburuak garbiak dira. Orain guk jakin behar dugu presio horrekin jokatzen. Egia esan, niri gustatzen zait.

Futbolerako nolako lekua topatu duzu hor?

Oso ona. Kirol instalazio oso onak daude, estadioa ere handia, zaleak ere onak, eta aldagelan oso giro ona. Hori oso garrantzitsua da futbolerako.

Ze gertatu zen Guadalajaran, talde osoa kanporatzeko?

Urte osoa kobratu gabe pasatu genuen, eta Bigarren B Mailako azkeneko urteko zati bat ere bai. Denboraldiaren amaieran esan genien agintariei taldea denuntziatuko genuela, eta saiatu ziren hori horrela ez izaten, eta denuntziatu genuen guztiak bidali gintuzten. Nik banekien denboraldiaren amaieran AFE-ren bidez kobratuko nuela, eta kirol arloan zentratu nintzen.

Taldeak beste arrazoi batzuk eman zituen.

Bai, beraiek kirol arloko gauzak zirela esan nahi izan zuten, guztia tapatu nahi izan zuten, ezer ez zela pasatzen, eta talde berri bat egin nahi zutela Lehen Mailara igotzeko, baina ez zen horrela izan. Oker ez banago, gainera, aurtengoek ere ez dute oraindik ezer kobratu.

Egin zenuen denboraldia eginda, ez al du pena pixka bat ematen atzeko atetik irten behar izatea?

Bai, baina han lagun asko egin ditut. Iaz, denboraldi amaieran sari batzuk ere jaso nituen, badakit hango zaleek estimu handia didatela, eta ni ere Guadalajaran oso gustura egon nintzen, eta denek dakite han gertatu zen guzti-guztia, eta zergatik bota gintuzten taldetik.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo