GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ETAren agiria Euskal Herriari

 

ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, Gudari Egunaren karira, Euskal Herriaren askatasunaren alde aritu eta aritzen diren guztiak gogora ekarri nahi ditu:

- Lehenik, borrokan eroritako burkideak. Beraiek emandakoaren oroimenak uneoro zergatik borrokatzen ari garen gogorarazten digu.

- Bigarrenik, beren konpromisoa espetxea eta erbestearekin ordainarazten ari zaien euskal borrokalariak.

Muturreko egoera pairatu arren, egunez egun duintasunaren eta konpromisoaren bidea erakusten digute.

- Eta, oro har, askatasunaren aldeko borrokaren zeregin anitzetan murgiltzen diren herritar guztiak. Doakie guztiei gure omenaldirik zintzoena, beraien guztien ekarriarekin herri askea izateko bide berriak urratzen ari baikara.

Gudari Eguna, askapen prozesuaren egoera aztertzeko, erronkak oroitzeko eta norberaren konpromisoa berritzeko une egokia bada ere. Askapen prozesuaren egoera aztertzerakoan Euskal Herrian zabal-zabalik den aldaketa prozesua eta, zehazki, ETAk iazko urrian borroka armatuaren behin betiko amaieraren iragarpena nabarmendu behar dira.

Laburki bada ere, oroitu ditzagun, bada, erabaki haren helburuak:

- Batetik, estatuek gatazka betikotzeko zuten asmotik ihes egin eta behin betiko konponbideari atea zabaltzea, euskal herritarren bake irrikarekin bat eginez. Erabakiaren sendotasunak, gainera, elkarrizketa eta akordioaren bidezko konponbidea saihestu ezinezko eginkizuna bilakatu nahi zuen, prozesua atzeraezina eginez.

- Bestetik, askatasunaren aldeko borrokarekin jarraitzeko agertoki onuragarriagoa eskuratzea eta independentzia eta sozialismoaren bidean urrats erabakigarriak egiteko baldintza berriak sortzea.

Konponbideari dagokionez, ez Espainiak ez Frantziak ez dute oraino urrats baikorrik egin.

Alderantziz, antzekotasunik topa genezake Txiki eta Otaegi eusko gudariak fusilatu zituzteneko egoerarekin.

Inposiziotik eraiki den Espainiaren proiektua gainbeheran dagoenean, «Una, Grande y Libre» leloaren oinordekoek indarkeria eta muturreko ankerkeriaren bidez erakutsi nahi dute Espainiaren handitasuna. 1975 hartan bezala, preso dituzten euskal borrokalariekiko mendekua aldarrikatzen dute.

Debekuarekin isilarazi nahi dituzte herritarren protestak. Eta, eskaintza demokratikorik ezean, mehatxuarekin erantzuten diote etorkizuna askatasunean eraiki nahi duten herrien aldarriari.

Etsigarria izan daiteke bakea eraikitzeko zenbat urrats egin ditugun eta Euskal Herria zapaltzen duten estatuek darabilten jarrera soilik behatuz gero. Are eta gehiago sufrimenduaren gurpilak jiraka jarraitzen duenean. Haatik, etsi ez, eutsi egin behar diogu, indarkeriaren eta zentzugabekeriaren aurrean konponbiderako arrazoizko bideak daudela aldarrikatuz eta Frantzia eta Espainia konponbidera erakartzeko herri presioa biderkatuz. Estatuak, sufrimendua luzatzeko gaitasuna dutela erakusten ari diren arren, beren itxikeriak gero eta babes gutxiago du Euskal Herrian eta nazioartean. Gatazka elikatzen duten jarrerak alboratzeko eta urrats eraikitzaileak emateko Espainia eta Frantziari zuzendutako eskaerak gero eta ozenagoak dira. Honetan sakontzea gakoa izango da Espainia eta Frantziaren jarrera aldaketa behartzeko. Bestalde, Estatuekin hitzartu beharrekoaz gain, bakea Euskal Herrian bertan eraiki beharreko prozesuaren emaitza ere bada. Urteetako gatazkak ireki dituen zauriak sendatu eta elkarrizketa eta akordiorako esparruak zabaltzeko unea da, guztion artean bake egonkor eta iraunkorraren zutoinak eraikitzeko.

Bigarren helburuari dagokionez, azken urteotako bilakaera aztertuz gero aurrerapen esanguratsuak eman direla ondoriozta genezake. Egunez egun, aldaketa politiko eta soziala helburu duen egitasmoa sendotuz doa; indar berriak biltzen eta esparru berrietara iristen ari da. Honek, egindako hautuaren eraginkortasuna eta aurrera begira zabaltzen dituen aukerak erakusten dizkigu.

Erratuko ginateke, ordea, egindakoarekin asebete eta aurrean ditugun erronkei ekiteko aski prestaturik gaudela ebatziko bagenu. Horrela, estrategia aldaketaren gaitasuna aldez aurretik mugatu baino ez genuke egingo.

Ezker abertzaleak egindako hautuan zerbait nabarmentzen bada, irabazteko anbizioa da. Edo bestela esanda, gure proiektu politikoa urratsez urrats bururaino eramateko erabakitasuna. Ezker abertzaleak askapen prozesua norantza onean kokatu duela esan dezakegu, baina, oraindik orain, bidearen hasieran baino ez gaude.

Hortaz, ibilbidean antzematen ditugun akatsak zuzentzeko eta hutsuneak gainditzeko egokitzapenak egitearekin batera, dagoeneko ageri zaizkigun eta etortzeke dauden erronka berriei erantzuteko prestatu behar da ezker abertzalea. Horretarako, nazio eraikuntzarako indar berriak atxiki, lan moldeak findu, proposamen politikoekin asmatu eta antolakuntza bitarteko egokiak garatu behar ditugu guztion artean.

Hamarkadotan zehar, hamaika gizon eta emakumek egin duten ahalegin itzelari eta konpromiso eskuzabalari esker egin du aurrera askapen prozesuak. Eta aurrerantzean ere konpromisoaren, borrokaren eta antolakuntzaren eskutik egingo dugu aurrera. Hori da Gudari Egun honetan ETAk zabaldu nahi duen azken mezua:

- ETAk gatazka gainditzeko zabaltzen ari garen konponbide aukerarekin eta, oro har, askapen prozesuarekin erabateko konpromisoa duela berretsi nahi du.

- ETAk independentista eta iraultzaile orori dei egiten dio ezker abertzaleko antolakundeetan eta herri mugimenduan antolatu eta Euskal Herriaren aldeko borrokan murgil dadin.

Helburu handiak soilik neurri bereko ahalegin eta konpromisoarekin bideratu daitezkeelako, ekin borrokari!

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herria sozialista!

Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskal Herrian,

2012ko Gudari Egunean

Euskadi Ta Askatasuna

E.T.A.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo