GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atzoko grebak Boloniaren aurka protesta egin zuten ikasleen epaiketa atzeratu du

Bolonia prozesuaren kontra protestatzeagatik, Ikasle Abertzaleak kolektiboko hamahiru kidek epaiketa zuten atzo. Greba zela-eta, epaiketa bertan behera utzi eta urtarrilaren 23ra atzeratu zuten.

p024_f01.jpg

Jon ADAN | BILBO

Ikasle Abertzaleetako hamahiru kidek Bolonia prozesuaren kontra protestatzeagatik epaiketa zuten atzo, baina greba orokorra zela-eta, urtarrilaren 23ra atzeratu zuten saioa. Gertaerak, 2008ko urtarrilaren 31n jazo ziren, EHUko Leioako campuseko klaustroan; egun hartan unibertsitateko Errektoretzak ezarri nahi zituen zigor eta arau urratze zerrendaren aurka protestatu zuten Ikasle Abertzaleetako kideek.

Kolektiboaren esanetan, kartelekin eta oihuka, modu baketsuan egin zuten protesta. Hala ere, 13 kideei desordena publikoak sortzea egotzi eta guztiontzat 4 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak. Azaldu zutenez, atzo goizean, auzipetutako hamahiru ikasleetatik hamar agertu ziren Bilboko epaitegietan; grebaren ondorioz beste hirurak ezin izan ziren bertaratu. Bestalde, epailea eta fiskala azaldu ziren arren, epaitegiko agente judizialak ere greba egin zuen, eta epaiketa bertan behera geratu zen.

Ikasle Abertzaleek adierazi zuten auzipetutako ikasleek greba eguna zela-eta aurretiaz epaiketa atzeratzeko eskatu zutela. «Epaileak horri uko egin, ikasleak bertaratzera behartu eta azkenean epaiketa atzeratu behar izan da», salatu zuten. Bestalde, Bolonia Planaren kontrako borroka kriminalizatu izana salatu eta EHUn eskubide zibil eta politikoak errespeta daitezela aldarrikatu zuten.

Wert-en erreformaren aurka

Horiek horrela, Ikasle Abertzaleek Estatu espainoleko Hezkuntza Ministro Jose Ignacio Wertek onartutako erreforma gogor kritikatu zuten; horretarako hainbat argudio bota zituzten: zazpigarren aldiz, Euskal Herriari eta euskal ikasleei inposaketa bidez hezkuntza erreforma bat aplikatu nahi dietela, eta Eskolako Curriculumean EAEko eta Nafarroako gobernuei erabakitzeko eskumena %35era jaitsi izana erabat arbuiatzen dutela. «Neurri honekin, ikasgai minorizatuak desagertzeko joera izango dute eta azterketa sistema berriarekin ikaslea edukiak buruz ikasi beharko dituen objektu pasibo bilakatu nahi da», salatu zuten.

Hartara, Ikasle Abertzaleek, espainiar Hezkuntza Ministerioak inposatutako erreforma horiek guztiak salatzeko, Estatu espainoleko hamar ikasle kolektibo independentistekin batera urriaren 11rako deitu duten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo