GARA > Idatzia > Euskal Herria

EleKatu-EliKatuk, Baionan euskara sustatzeko talde berriak, lehen ekimena egingo du gaur arratsean

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Hendaia edo Aldudeko bideari jarraiki, Baionan ere euskaldun multzo batek talde bat eratu du hiriburuan «euskarari bizitasun handiagoa emateko xedearekin». EleKatu-EliKatu izendatu dute eta gaur bertan, arratsaldeko 20.30ean, egingo du bere lehen ekimen publikoa.

Lore Agirre Mondragon Unibertsitateko ikerlariak Sorguneak ikerketa taldearekin euskal kulturgintza garatzeko estrategiei buruz egindako lana aurkeztuko du Baionako Gau Eskolan (Marengo karrika).

Ipar Euskal Herrian euskararen erabilpena «errekaratzen» ari dela aspaldiko egiaztapena izaki ere, euskaldunek beren hizkuntzan bizitzeko dituzten aukera urriei aurre egin nahi diete EleKatu-EliKatuko kideek, batez ere horren erdalduna den Baiona-Angelu-Biarritzeko eremuan. «Edozein komunitatek bezala, naturaltasunez eta normaltasunez» beren hizkuntza erabiltzeko, hots, euskaraz pentsatu, asmatu eta sortu ahal izateko «euskara hutsean gertakariak eskaintzea edo horientzat baldintzak sortzea» da taldearen «xedea, gogoa eta beharra».

Hazkurriz bete

«Euskaratik, euskaraz, euskaldunei eta euskaldun-gai guztiak euskarazko hazkurriz» betez, elikatzeko asmoa dute Baionan hain barreiatuak dabiltzan euskaldunak. «Elikatuz elekatu eta elekatuz elikatu» leloan laburbiltzen dute bere egitasmoa.

Antolatuko dituzten ekimenak, izan mintzaldi-eztabaidak, liburu aurkezpen, bertso saio, antzerki, bisita komentatua, irakurketa edota kantua «moltsa orori» zuzenduko dizkiete, «prezioa inolaz ere muga bat» izan ez dadin. Hala, EleKatu-EliKatuk kittorik ala prezio xumean eskainiko ditu bere ekimenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo