GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

ETAren agiria: erabakietan konbentzimendu osoa

ETAk Gudari Egunaren karietara argitaratu duen agirian «egoera aztertzeko, erronkak oroitzeko eta konpromisoa berritzeko» ariketari lotu zaio. Borroka armatua betiko alboratu zuenetik ia urtebete igaro denean, bere erabakien oinarrian zeuden helburuak errepasatu ditu: baga, konponbideari atea zabaltzea eta, biga, askapen prozesuarentzako agertoki onuragarriagoa, baldintza berriak eskuratzea. Konponbidean urratsak egin baina estatuen aldetik erantzun baikorrik jaso ez izanak salagarri izan behar duela baina inola ere ez «paralizante» esan du. Hori asko esatea da. Bere erabakietan konbentzimendu propio erabatekoa adierazten du, eta estatuen itxikeriaz gaindi, ekimen berriak iragartzen ditu. Zauriak sendatu eta elkarrizketa eta akordio esparruak zabaltzeko unea dela dio ETAk. Zauriak sano eta zornerik gabe ixteko bidean, esparru berri horiek artikulatzeko atmosfera egokiaren sorreran, ETAren ardura eta ekarria funtsezkoa da. ETAk bere gain hartzen du erronka hori, eta poztekoa, berri onen iragarle da.

Bigarren helburuari dagokionez, aurrerapausoak aitortu ditu. Asko aurreratu da, baina aurreratzeko dagoena ez da gutxiago. Hartara, autokonplazentziarik gabe, akatsak zuzenduz eta egokitzapenak eginez, lanerako deia egin du. Irabazteko anbizioarekin, hain zuzen. Zuzen dabil ETA: handira pentsatu eta eragiteko unea da. Orain da ezinezkoaren momentua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo