Taiwan Txina eta Japoniaren arteko lurraldetasun gatazkaren erdian sartu da
Txinak Diaoyu irlen inguruan Taiwanen arrantza jarduera babestuko duela adierazi zuen bart, Japoniak Taiwaneko arrantza ontziak bertatik bidali ostean. Hiru herrialdeek aldarrikatzen dute irla hauen jabetza.
GARA | PEKÍN
Txinak Diaoyu irlen inguruko uretan arrantzan egin nahi duten Taiwaneko itsasontziak babestuko dituela adierazi zuen atzo. Asteartean, Taiwaneko dozenaka itsasontzik Diaoyu irletako uretatik alde egin zuten, kostazain japoniarrak begiztatu ostean. Japoniaren eta Txinaren artean gatazka handia dago irla hauen jabetzagatik.
Hala adierazi zuen bart Fan Liqing Txinako Gobernuko Taiwani buruzko gaien bulegoko bozeramaileak. Horrez gain, arrantzale horiek «Diaoyu irlen inguruan arrantza egiteko eskubidea» dutela gehitu zuen.
«Txinako itsasontziak patruilatzen ibili dira ur hauetan eta patruilak egiten jarraituko dute arrantza legala eta gure subiranotasuna babesteko».
Pekinek «jarrera bateratu» baten aldeko apustua egiten du Taiwanekin, honek ere Diaoyu irlen subiranotasuna aldarrikatzen baitu. Taipeik, aldiz, arrantza eta meatze baliabideen «esplotazio bateratu» baten aldeko apustua egiten du.
Asteartean, Suaso Taiwaneko portutik 75 arrantza ontzi irten ziren -beranduago beste batzuk gehitu zitzaizkien- eta Diaoyu irlatik hiru miliatara gerturatu ziren, baina kostazain japoniarrek urezko kainoikadak jaurti ostean alde egin zuten.
Horren inguruan, Fanek «Taiwanek nazioaren interesak babesteko hartutako neurriak» bere egingo dituela adierazi zuen. «Gakoa japoniarrek egindako akatsak zuzentzeko neurri zehatzak hartzean datza».
Gatazka aspaldikoa bada ere, duela bi aste areagotu zen, Tokiok uhartediko hiru irla erosteko asmoa iragarri zuenean.
Tokio moderazio eske
Koichiro Gemba Japoniako Kanpo ministroak Yang Jiechi Txinako Kanpo ministroari bi herrialdeen artean Diaoyu irlen inguruko subiranotasunaren gatazka dela-eta «neurriz» ekiteko eskatu zion bart.
Bi herrialdeetako ministroak asteartean bildu ziren 67. Nazio Batuen Asanblada Orokorra aprobetxatuz, lurraldetasunaren inguruko gatazka dela-eta sortutako tentsio egoera baretzeko asmoz.
Gembaren arabera, bilkuran «tentsioa» nagusitu zen, eta ondorioz ez zuten aldebiko konpromiso bat bera ere lortu. Horrez gain, Txinak hiru irlen erosketa onartzea espero zuela gehitu zuen.