Aizkora | Euskal Herriko Bigarren Mailako finala
Goi mailara iristeko aukera baliatu nahi dute denek
Irazu, Erasun, Larrañaga, Oihan Larretxea, Mugertza II.a eta Zaldua neurtuko dira bihar arratsaldean Aizarnazabalen. Lehenengo bi sailkatuek datorren urtean Lehen Mailan jokatu ahal izango dute.
Jon LEUNDA
Aizkorak duen egunik garrantzitsuenetakoa izango da biharkoa, Euskal Herriko Bigarren Mailako finala ere egun handia izaten baita kirol honentzat, eta, are gehiago, azkeneko ekinaldian horrenbeste gazte daudenean. Etorkizunari begira ere oso seinale ona izango da biharkoa.
18.30ean hasiko da finala, eta bertan joan den abuztuaren 17an Azkoitian jokatu zen kanporaketako sei onenak izango dira lehian. Irazu, Erasun, Larrañaga, Oihan Larretxea, Mugertza II.a eta Zaldua neurtuko dira. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi oinbiko, eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Lehen Mailako finalak izaten duen lanaren erdia egin beharko dute.
Finalean arituko diren sei aizkolarietatik lau 25 urte baino gutxiagokoak dira, eta bost, 30 baino gutxiago dituztenak. Beraz, kirol honen etorkizuna bermatuta dagoela garbi dago. Gainera, une honetan dagoen maila ere oso ona da, Azkoitiko kanporaketan ikusi zen bezalaxe, nahiz eta egun hura, egin zuen beroarekin ez zen kirola egiteko aproposena izan. Lehenengo eta bigarren geratzen diren aizkolariek datorren urtean Lehen Mailan aritzeko txartela ere lortu ahal izango dute.
Jon Irazu izango da finala irabazteko faborito nagusia. Zizurkildarrak irabazi zuen kanporaketa, eta sekulako erakustaldia eman zuen. Hura ikusita, gehienentzat bera da garaipena lortzeko faborito nagusia.
Ander Erasun da beste faboritoetako bat. Kanporaketan bigarren izan zen nafarra, eta bere helburua datorren urtean Lehen Mailan aritzea da; garbi dago bihar aurrean izango dela.
Mikel Larrañaga azpeitiarra da finalean arituko den aizkolarietan gazteena. Beregan zaleek sekulako itxaropenak dituzte jarrita eta bera ere mailaz igotzeko faboritoen zerrendan agertzen da. Kanporaketan hirugarren sailkatu zen.
Oihan Larretxea kanporaketako laugarrena izan zen. Oso gaztea izan arren, bera da finalean arituko diren aizkolarien artean Euskal Herriko Lehen Mailan aritutako bakarra, nahiz eta urte bakar bat egin ahal izan zuen onenen artean. Bera ere kontuan hartu beharko da.
Ugaitz Mugertza ere gaztea da, baina eskarmenturik gehien daukan eta aizkoran urterik gehien daramatzan aizkolaria da. Bosgarren amaitu zuen kanporaketa, baina bera ere hor ibiliko da aurrekoekin borrokan.
Xabier Zaldua da finalisten artean zaharrena eta bera bakarrik da 30 urtetik gora dituena. Zaleen ustez, ere bera da txapela lortzeko, baita mailaz igotzeko ere, aukerarik gutxien duen aizkolaria. Dena dela, bera ere ez da atzean geratuko.