Harri-jasotzea
Unai Bertiz izango da Nafarroako txapela lortzeko faborito nagusia
Bost harri-jasotzaile neurtuko dira gaur 18.00etan Igantzin, eta bertan Nafarroako txapela egongo da jokoan. Unai Bertiz, Igoa, Urrutia, Ariztegi eta Oiarbide lehiatuko dira.
Harri-jasotzaile bakoitzak 125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola erabili beharko ditu, eta bakoitzarekin lanean aritzeko bi minutuko txanda bakar bat izango du.
Bertiz da egungo txapelduna, baita gaurkoa irabazteko faborito nagusia ere. Badirudi izango duen aurkaririk gogorrena Urrutia dela.
Txapeldunen Liga
Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioa izango da gaur Bilboko Zorrotza auzoko kiroldegian 12.30ean hasita. Bertan, Atutxa eta Donato Larretxea lehiatuko dira.
Aizkolariek sei proba ezberdin egin beharko dituzte, eta denetako denborak batu ostean, onena duenak irabaziko du. Neurketa oso garrantzitsua da, irabazten duenak finala jokatzeko txartela poltsikoan izango baitu. Jadanik, Nazabal, eta Otaño sailkatuta daude azkeneko ekinaldira, eta gaur jakingo da haiekin lehiatuko den hirugarren aizkolaria zein den. Neurketa oso gogorra eta estua izango dela dirudi.