GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Etxera itzuli ezinik geratu ziren haurrak, etxea inoiz ahaztu ez duten bidegabekeriaren lekukoak

Maria Luisa Toole, Valentin Sagasti, Felix Amat, Paco Robles, Jose Armolea, Juanita Vaquer eta Alvaro Martinez (dagoeneko zendua) aspaldi, oso aspaldi, haurrak izan ziren, gerratik ihesi Britainia Handira joan behar izan zutenean, hain zuzen. 4.000 haur joan ziren haiekin, eta 200 inguru inork ez zituen erreklamatu. Familiarik gabe geratu ziren, eta etxera itzuli ezinik. Aipatutako seietatik bost eta Martinezen alarguna Donostian izan ziren atzo. Juan Karlos Izagirre alkateak ongietorria eman eta donostiarren Udala beren etxea dela esan zien etxera itzultzeko aukerarik ere izan ez zuten horiei. Eta atzo, halaber, 36ko gerran ihesi atzerrira joan ziren haurren bizitzaren gaineko dokumentala, «To Say Goodbay», aurkeztu zuen Matt Richards zuzendariak Zinemaldian. Dokumentalean sei lagun horiek agertzen dira, bidegabekeriaren gaineko bidegabekeriaren lekuko, duintasunaren eredu eta belaunaldi gazteentzako historia ikasbide bizi. Ez zuten itzultzerik izan eta Britainia Handian geratu ziren. Han bizi izan dira urte askoan, baina ez dute ahaztu, ez beren herria ez beren bizitza sufrimenduz markatu zuten gertakariak. Herri hau, beren etxea, markatu zuten gertakariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo