GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz | www.elomendia.com

Ez da krisia, kapitalismoa baizik

Indarrak biltzea derrigorrezkoa da, protestarako joeraren gainetik agertoki berrien eraikuntza jarri behar delako. Hau da, egitasmo eraldatzailearen baitan, protestak zerbait berriaren sorkuntzari begira jarri behar dira

Hainbat sindikatuk eta bestelako eragilek deitutako grebak arrakasta ederra izan duelakoan nago. Badakit martxoan baino jende guttiagok egin duela bat grebarekin hainbat lekutan. Halere, oso ongi atera da, galtzaileak parte hartu ez dutenak direlarik.

Baldintzak ez ziren martxokoak, denok atzeman dugunez. Alde batetik, iraila hilabete zaila da mobilizazio erraldoiak antolatzeko. Espainiar sindikatuen jarrerak greba oztopatu du, bestalde. Eta, jakina, agintariek estrategia zorrotzari ekin diote herritarren greba eskubidea urratzeko.

Kalera atera den jendeak edukiz betetako deialdiari erantzun egin dio. Ez zen greba deialdi ahula, edo azalekoa, ez zen neurri zehatz baten kontrako erantzuna, mobilizazioak esanahi politiko eraldatzailea zuen, egungo egoeraren azterketa kritiko zorrotz eta sakonean oinarrituta.

«Ez da krisia, kapitalismoa baizik», oihukatzen zuen jendeak Iruñean, esaterako. Independentziaren aldeko aldarrikapenak ugaldu ziren, halaber. Herritarrek aurre egin zioten Poliziari indarkeria erabiltzen hasi zenean. Hau ere behar bezala aztertu behar da, adierazten baitu jendetzak ez zuela atzera egiteko asmorik.

Zapuzketa batzuetarako parada ere izan zen, nola ez?, greba eguna. Lagun batzuek hainbat lantokitan izandako eztabaidak, desilusioak eta antzekoak aipatzen zituzten manifestazioan genbiltzala. Beldurra, dirua galtzeko arriskua, posizionatzeko izua, elkartasun eza, hori dena ere egia da eta aintzat hartu behar da. Bourdieuk ongi adierazi zuen: neoliberalismoak kolektiboen deuseztapen egitasmo metodikoa dauka. Bai, halaxe da, loturak desegin nahi dituzte, indibidualismoa eta elkartasun eza nagusitu daitezen.

Bistakoa da edozein mobilizazio estrategiak errealitate honi egin behar diola aurre. Sobera erraza litzateke eskiroltzat jotzea parte hartzen ez duten guztiak, berekoikeria fenomeno hutsa balitz bezala. Konplexuagoa da. Eskirolak egon badaude, jakina, baina joera kultural eta ideologikoen itzala ere nabarmena da eta horri aurre egiteko aldaketa ideologiko eta kulturalak behar dira.

Grebak kultura horri aurre egiten dio. Pultsua ez da erraza, argi baitago neoliberalek izugarrizko tresnak dituztela. Baina aldaketak lortzen ari dira, krisialdiak sistemaren gabeziak, kontraesanak eta usteltzea agerian uzten dituelako. Pedagogia beharrezkoa da egoera aldatzeko, baina askotan mobilizazio «gogorrak» oso pedagogikoak dira, zerumuga erakusten dutelako eta jendarte bloke alternatiboa eratzen eta zabaltzen laguntzen dutelako.

Lan ideologiko eta kultural handia egin behar da neoliberalismoari aurre egiteko, hainbat zerbitzu edo lan eta bizi baldintza defendatzeko mugitzen denari azterketa sakonagorako argudioak eskaini. Baina indarrak biltzea derrigorrezkoa da, protestarako joeraren gainetik agertoki berrien eraikuntza jarri behar delako. Hau da, egitasmo eraldatzailearen baitan, protestak zerbait berriaren sorkuntzari begira jarri behar dira, ahal den neurrian.

Finean, gehien protestatzen duen herria baino askoz ere hobea da protesta aldaketa sakona bilakatzen duena izatea. Bide horretatik goaz, zorionez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo