op 14
Avironek Biarritzek baino gehiago dauka galtzeko
Lapurtarren arteko derbia bihar arratsaldean jokatuko da Agilerako estadioan, 17.00etan hasita.
Jon LEUNDA
Biarritzek eta Avironek bihar 17.00etan jokatuko dute Top 14ko derbia, baina azkenean Agileran izango da, eta ez Anoetan, hasieran iragarri zen bezala. Uste baino askoz ere sarrera gutxiago saldu omen dituzte, eta azkenean Biarritzen bertan jokatzea erabaki zuten zuri-gorrien zuzendaritzakoek.
Egoera oso ezberdinean iristen da partida hau bi taldeentzat. Zuri-gorriek aspaldiko urteetako hasierarik onena izan dute, nahiz eta azkeneko bi partidak galdu egin dituzten. Agian hori izango da biarriztarren aitzakia; izan ere, bi partida galduta iristen dira derbira, eta horrek presio apur bat sartu diezaiekete. Une honetan, jokatutako sei partidetatik lau irabazi dituzte eta bi puntu gehigarri lortu dituzte. Laugarren postuan daude 18 punturekin.
Avironen egoera askoz ere okerragoa da, jokatutako sei partidetatik bakarra irabazi du, eta sailkapeneko hamahirugarren postuan dago jadanik; beraz, jaitsierako postuetan. Joan den ostiraleko partidan, zaleek zenbaitetan txistu egin zieten jokalariei, eta garbi ikusten da ez daudela ikusten ari direnarekin batere konforme.
Etxekoak faborito aterako dira; horretan inork ez dauka inongo zalantzarik. Dena dela, baionarrentzat ere oso partida egokia izan daiteke, inoiz baino gogo handiagoz zelairatuko baitira. Gaur Biarritzen galtzen badute, egoera okerrera joango da. Azken lekuan ez dira geratuko, Stade Montois okerrago baitago, partidarik irabazi gabe, baina aurrekoak aldea gehitzen joango zaizkio.
Biarritzek irabazten baldin badu, aurrean jarraituko du. Galtzen badu, beherako bidean jarraituko du. Galduko lukeen hirugarren partida jarraian izango litzateke, eta horrek zalantzak ugarituko lituzke. Derbiak beti derbi izaten dira, eta partida onak gutxitan ikusten dira. Ea bihar horrela ez den.
Sarrerak
Aldaketa honek nahasmen dezente sortu du, eta are gehiago Anoetako sarrerek ez baitute balioko biharko partidarako. Aldatu egin beharko dira, eta pentsatzekoa da, joaten ez direnei dirua itzuliko dietela. Horretarako Agilera estadioko leihatilak gaur egun osoan zabalik egongo dira. Goizez 10.00etatik 13.00etara, eta arratsaldez, berriz, 14.00etatik 18.00etara. Bihar, berriz, goizez egongo dira irekita, 10.00etatik 13.00etara. Biarriztarrek Agilera beteko duten itxaropen osoa agertu zuten atzo arratsaldean.