Raimundo Fitero
Ehun bat lagun elkartu dira Baionan France Euskal Herri-ko kazetariei sostengua emateko
France 3 Euskal Herrik egunero euskaraz eta frantsesez eskaintzen duen berri emankizuna desagertzeko arriskuan dagoela-eta, sostengua emateko elkarretaratzera deitu zuten atzo Ipar Euskal Herriko kazetariek.
Ainize BUTRON | BAIONA
Ikasturte hasieran France 3 telebista kateko zuzendaritzak murrizketa handiak izanen zirela iragarri zuen. Ondorioz, Ipar Euskal Herriko lekuko informazioa eskaintzen duen France 3 Euskal Herri telebistako eguneroko emankizuna Omiasainduko zein Eguberriko oporretan ere desagertuko dela jakinarazi zuten.
Itxiera horiek, etorkizunari begira, lekuko emankizun horren iraupena kolokan jartzen duelakoan, komunikabide horretako kazetariek greba eguna antolatu zuten joan den astean. Eta, atzo eguerdian, berriz, gertakaria salatzeko eta langileei elkartasuna adierazteko Ipar Euskal Herriko komunikabide ezberdinetako kazetariek deiturik, elkarretaratzea egin zuten Baionako Industria eta Merkataritza Ganberaren aitzinean. Ehun bat lagun batu ziren.
France 3 Euskal Herriko kazetariekin batera, Gure Irratia, GARA, Berria, EITB eta Le Journal du Pays Basque egunkari eta irratietako kazetariak izan ziren. Eta, horiekin, CADE, Bizi!, Euskal Konfederazioa, Kontseilua mugimendu eta egituretako ordezkariak, Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle diputatuak, Alice Leizagezahar Berdeetako eskualde kontseilaria, Roland Hirigoyen Mugerreko auzapeza, Andre Garetta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakaria, eta Batasuna eta Abertzaleen Batasuna alderdietako ordezkariak hurbildu ziren.
Desagertzeko arriskua
Elkarretaratzea egitearekin batera, lekuko kazetarien izenean France 3ko buruzagitzari helarazi zaion gutunaren berri eman zuen Franck Dolosore EITBko kazetariak. Lekuko informazioa bai frantsesez bai euskaraz zabaltzeko orduan, telebistak eskaintzen duen eguneroko emankizun horrek duen garrantzia goraipatu zuen Dolosorek.
Euskal Konfederazioak, bere aldetik, agiri baten bidez, bere sostengua eskaini zion, eta tokian tokiko berriak emateaz gain, hau gogorarazi zuen: «Telebista kate publiko guztien artean France3-Euskal Herri da, astelehenetik ostiralera zenbait gai euskaraz tratatzearekin batera, euskarari lekua ematen dion bakarra».