Belodromoak 2.100 kirolzale bildu ditu «ostiral handian»
Salgai jarri ziren egunean bertan agortu ziren atzo Belodromoan izandako zinema saio bikoitza ikusteko sarrerak. «The art of flight» eta «Storm surfers» ziren bi film horiek, snowboard eta surfari buruzkoak, hurrenez hurren. Datorren urtean Zinemaldian muturreko kirolei eskainiko dioten sail berriari ateak ireki dizkio aurtengo Big Friday saioak.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Big Friday saio bikoitza izan zen atzo Antonio Elorza Belodromoan. Saioa «The art of flight» eta «Storm surfers» pelikulek osatu zuten, muturreko kirolei buruzko hiru dimentsioko dokumental zirraragarriak biak. Belodromoko zinemagela handia bada ere -2.100 pertsona sartzen dira- sarrerak salgai jarri eta bost ordura agortu ziren.
Arrakasta horren atzean dagoen lehen filma, «The art of flight», Curt Morganek zuzendu du eta Travis Rice atletaren abenturak erakusten dizkigu, munduko gailurretan snowboardean aritzen den bitartean. Ricek berak azaldu zuenez, atzo Donostian ikusi ahal izan zena mundu mailako lehen proiekzioa izan zen. «Hiru dimentsiotan ikusteko irrikitan nago», adierazi zuen kirolariak goizean egindako aurkezpenean. Chad Jackson, filmaren ekoizlea, ere izan zen aurkezpenean. Honek jendearen erreakzioak ikustego gogoa zuen.
«Storm surfers» Ross Clarke-Jones eta Tom Carroll surflari iaioak jartzen dizkigu begi-bistan. Itsasoaren edertasuna erakusten duen pelikula hau Australian 40 aldiz proiektatua izan da eta duela bi aste Toronton aurkeztu zuten 3D formatuan. Clarke-Jonesek azaldu zuenez, filmean umoreak ere bere tokia du, eta Euskal Herrian lana nola hartuko zuten, Belodromoko ikusleek barre egingo ote zuten zalantza zuen.
Tom Carrolek, aldiz, eskerrak eman zizkien Christopher Nelius eta Justin McMillan zuzendariei Zinemaldian egoteko aukera honengatik, ez baitzuen espero halakorik lortuko zuenik.
Phillip Manderlak, Red Bull Media Houseko ekoizleak, ezagutzera eman zuenez, saio bikoitz hau etorkizunean Donostian zein Europako beste hainbat gunetan ikusteko bidea irekiko duen lehen pausoa baino ez da izan. Izan ere, datorren urteko Zinemaldian muturreko kirolei eskainitako sail bat izango da. Honekin kirol hauek gustuko dituztenei zineman ikusteko eta asko ezagutzen ez dituztenei gerturatzeko aukera eman nahi diete.
Gainera, 2013. urtetik aurrera «Heroes by nature» dokumental segida abian jarriko dute. Honen baitan, hilabetero Europako zenbait herrialdetan atzo Belodromoan ikusi ahal izan ziren filmen tankerakoak izango diren beste pelikula batzuk ikusi ahal izango dira.
Saio bakoitza muturreko kirol bati eskainiko diote (mendi bizikleta edo eskalada, esaterako) eta filmaketetan parte hartu duten kirolariak aurkezpenetara joango dira. Filma proiektatzen den zinema areto guztietan zuzenean eskainiko da eta nahi duenak galderak egin ahal izango ditu.