Andoaingo ikastolan beste zortzi ikasgela eraikitzea du helburu aurtengo Kilometroak jaiak
GARA |
Andoaingo Aita Larramendi Ikastolak urriaren 7ko Kilometroak jaian bildutako dirua ikastola horretako Txistokiko eraikinean zortzi ikasgelako beste gune bat egiteko bideratuko duela azaldu zuten atzo antolatzaileek, urriaren 7rako prestatu duten egitaraua aurkeztearekin batera.
Horiek horrela, Andoainen ospatuko den edizioaren ibilbideak 6,3 kilometro izango ditu, Andoaingo landa eta hirigunean banatuta. Guneak aldiz, bost izango dira: Ikastola, Sorabilla, Etxeberrieta Goikoplaza eta Martin Ugalde.
Berritasun nagusia ibilbideko zati batean izango den Wi-fi da. Hartara, Guifinet proiektuaren bitartez, festan parte hartzen ari den jendearen mezuak eta argazkiak jaso nahi dituzte, ondoren, ibilaldian pantaila erraldoi batean jartzeko.
Bestalde, antolatzaileek Andoainera garraio publikoz joateko deia egin zuten. Horiek erabili ezin dituztenei begira, autobus eta autoentzako bost aparkaleku ere atonduko dituzte.