Besteen kontzientzia (I)
Esti EZKERRA | Literatur kritikaria
1943an argitaratu zuen Simone de Beauvoirrek «L'Invitée», Jean-Paul Sartrerekin zuen harremana ia pikutara bidali zuen aferan (Sartrek berak Olga Kosakievicz-ekin izan zuen harremana, alegia) oinarritua. Nobela, hain zuzen, Kosakieviczi eskaintzen dio egileak, lehen orrian irakur daitekeen bezala.
«L'Invitée» Parisen giroturik dago, Bigarren Mundu Gerraren atarian. Françoise izeneko 30 urteko emakume intelektual eta independenteak Pierre antzerkigilearekin duen harreman irekia du hizpide, zeinaren parte bihurtuko den Xaviere izeneko landa-eremuko neska gaztea. Hasiera batean, Françoisek bere esku dagoen guztia egiten du hirukoteak funtziona dezan. Ez bakarrik Pierrek hala nahi duelako, baizik eta berak ere Xaviere bereganatzeko interes berezia duelako. Zentzu horretan, neskatoaren apeta guztiei men egiten die barrutik kiskaltzen duen sumin eta jeloskortasunari eutsiz. Izan ere, Xaviere asegaitza da eta Françoisekiko jarrera anker samarra erakusten du. Pierre berarentzat bakarrik nahi du, baina hark Françoisekin duen harremana hautsiezina da. Pierrek esaten duen moduan, bera eta Françoise pertsona bat eta bera dira; absolutua osatzen dute bien artean.
Pierrekin duen harremana dela-eta, Françoisek uste du posible dela bestearengana heltzea. Xavieren existentziak, ordea, zalantza piztu dio. Agian Pierrekin bat egiten du berearen moduko kontzientzia duelako, eta, hala ere, bat-egite hori behin-behinekoa eta unean unekoa dela irizten dio, Xaviere dela-eta euren artean ezadostasuna sor daitekeela ohartzen baita. Norberarena bezalakoa ez den kontzientzia onartzea, aldiz, zaila da.