Musika lirikoa Ezpeletako elizan, Eskola-Gurutziaga abesbatza eta Maite Idirinekin
Simone de Beauvoirren «L'Invitée» Parisen giroturik dago Bigarren Mundu Gerraren atarian
GARA | EZPELETA
Musika lirikoa izango da gaur nagusi, 21.00etan Ezpeletako elizak hartuko duen jaialdian. Kozue Kobayashi piano-jotzaile eta perkusionistak lagundurik, Maite Idirin eta Valerie Uhalde sopranoek hasiera emango diote emanaldiari, eta Donostiako Eskola-Gurutziaga abesbatzari egokituko zaio amaiera ematea.
Euskal Herriko zein Afrikako musika tradizionala ez ezik, Mozart, Beach Boys edota The Plattersen konposizioak ere interpretatuko dituzte. Hamabi urtetik gorakoek 8 euroko sarrera ordaindu beharko dute.
Maite Idirin
Maite Idirin -GARAko kolaboratzaile eta musikaria- 1943an Bizkaiko Ugaon sortua, 1968an hasi zen kanta herrikoi eta aldarrikapenekoak abesten. Horren lekuko Gabriel Arestik eta P. Iztuetak euskaratutako Atahualpa Yupanquiren lau kanturekin egindako disko singlea atera zuen. 1969an erbestera joan behar izan zuen, Franco hil arte Hegoaldean kontzerturik emango ez zuelarik.
70ko urteetan kantu eta arte lirikoko ikasketak egin zituen Baionako zein Bordeleko kontserbatorioetan.
1985ean Baionako Koru Mistoa sortzen kide izan zen Javier Bello Porturen alboan koristei ahots teknika irakatsiz. Estatu espainolean nahiz frantsesean eta Flandrian kontzertu bira artistikoak egin zituen. France 3 telebistarentzat (Estrasburgo, Paris, Marseilla, Bordele, Tolosa eta Euskal Herria) emankizun andana grabatu zituen.
2005ean hasi zen, bestalde, Euskadi Irratiko hainbat musika saiotan parte hartzen.