GARA > Idatzia > Euskal Herria

Motxilan lehen parranda sartuta, Oñatin festari asko gelditzen zaio

Lehenengo parranda eguna igarota, aurretik lan handia dute oñatiarrek. Lana esaten dugunean festa esan nahi dugu. Asteburu hau amaitu bezain pronto, astelehenetik aurrera egunak banan-banan zenbatuko dituzte, hurrengo asteburuan izango baitira Errosaixo Eguna eta Errosaixo Bixamon Eguna. Sasoian daudenak guztiarekin ahalko dute, gainerakoek, ondo hautatu beharko dute zer egin nahi duten.

p018_f03.jpg

GARA | OÑATI

Lehenengo gaupasa igarota, oñatiarrek asteburu osoa dute aurretik era batera edo bestera sanmieletan parte hartzeko. Gainera, atzo esan bezala, aurtengo edizio honetan, bi asteburutan banatuko dira jaiak. Beraz, datorren astelehenetik aurrera eta ostiralera arte, inork ez du aitzakiarik astea maldan gora datorrela esateko.

Datorren asteari begira ordena pixka bat jartzearren, hasieratik hastea da onena. Datorren ostiralean Egun Morea deitu dute, emakumearen lekua aldarrikatzeko. Gai horrekin lotuta egongo dira eguneko ekintza gehienak, esaterako, Olinpiada Moreak -16.30ean- edota Transmaribollo Kalejira. Musika ere emakumeen eskutik etorriko da, Las Culebrasek kontzertua eskainiko baitu 19.30ean Atzeko kalean. Horrez gain, kaleetan zehar ibiliko diren mariachien zuzendaria emakumezkoa da, tradizioz gizonek betetzen duten lekua hartuz.

Emakumeek pairatzen dituzten erasoen inguruan, festetan egoera hauek desagertzen ez direla ohartarazita, Udalak jarrera irmoa azaldu du dagoeneko, eta halako ekintzen aurrean erantzuteko eskatu du. Jai guneak espazio askeak direla aldarrikatuz, erasotzaileei «argi eta garbi» ongietorriak ez direla jakinarazi behar zaiela eskatu du, eta erasorik ez dela onartzen.

Aldarrikapenak ez dira honekin amaituko, eta emakumeen aldeko mezuek euskal presoei zuzendutakoei pasako diete lekukoa. Datorren larunbateko Herri Eguna deitutakoan izango da hori, hain justu, datorren urriaren 6an.

Manu Egaña Kultura zinegotziak azaldu duenez, aurten aurrenekoz, bertako, Euskal Herriko produktuak soilik erabiliko dira herri bazkarira bertaratzen direnen sabelak betetzeko. Dagoeneko mila pertsona baino gehiagok eman dute izena.

Bertako produktuak eskaintzeko arrazoi nagusi eta bakarra bertako ekoizleei bultzada ematea da, orain arte gertatu izan baita bildotsa, esaterako, Zeelanda Berrian ekoiztutakoa izatea. Bazkaria 14.30ean izango da, kiroldegian.

Eguneko tematikari eutsiz, bazkalostean gazteen herri kirolak izango dira -17.00etan, plazan-, eta ordubete geroago herri kirolak izango dira berriro, baina kasu honetan profesionalek hartuko dute parte.

Presoen aldeko aldarrietara itzuliaz, Herrirak ekitaldia eta manifestazioa antolatu ditu «Dagozkien eskubideen jabe» lelopean -datorren larunbatean, 19.00etan-. Aurten, Joseba Arregi, Xabier Ugarte eta Xabin Usandizagaren egoera salatzeaz gainera, Alberto Plazaolaren egoera salatuko dute; izan ere, justizia espainolak 197/2006 doktrina aplikatuta espetxealdia beste hamar urtez luzatu dio, alegia, 2026ra arte.

Errosaixo Egunerako, hau da, datorren iganderako ekintzaren bat azpimarratzearren, horra hor euskal kulturarekin lotutako pare bat proposamen. Batetik, 16.30etik aurrera Sanmigeletako XIX. Pilota Txapelketa eta ondoren egongo den profesional mailako pilota partida. Hemen lehiatuko dira Goñi II.a eta Galarza VI.a Eugi eta Goñi III.aren aurka.

Bigarren proposamenerako, bista ez, belarria zorroztu behar rra dago, 20.30ean Kale Zaharrean balkoitik balkoirako bertso saioa egongo baita, Agin Rezola eta Sustrai Colina bertsolariekin.

Konturatu orduko, lerroak badoaz, beraz, Errosaixo Bixamon Egunaz hitz egiteko tartea da hau. Eguna sokamuturrarekin hasiko da, 9.30ean. Udalak ohartarazi du guztiz debekatuta dagoela 16 urtetik beherakoek parte hartzea, eta hala gertatuz gero, Udalak ez du erantzukizunik hartuko.

Txosnaguneko batzordeak iaz egin zuen moduan, paelladari bultzada eman nahi dio mahai, aulki eta edariak gehituaz. Orotara 500 sarrera atera dituzte, eta dagoeneko Ona, Arrano eta Boga tabernetan daude salgai.

EDALONTZIAK

Ahalik eta hondakin kopuru txikiena sortzeko helburuz, Udalak bertaratuko direnei festazaleei berrerabilgarriak diren plastikozko edalontziak erabiltzeko deia egin die.

BERTAKO JAKIAK

Herri Eguneko bazkari herrikoian, bertan ekoiztutako produktuak eskainiko dira. Bazkalordua baino lehen, ordea, bertakoa den edatekoa dastatu ahal izango da plazan, 25. Sagardo Dastaketan.

Egitaraua

Gaur

8.00 GAUPASEROEN ARGAZKI ERRALDOIA eta txokolate-jana.Txosnagunean.

10.00>herri mailako plater tiraketa.Txopekua tiro zelaian. Armak edukitzeko baimena eta Federazioaren lizentzia eskatuko da.

8.00> Lehen entzierroa. Fuente de Arcoko (Cadiz) Peñajararen zezenak.

12.00-14.00/17.00-20.00>haur parkea Etxaluzen.

17.00>sanmigeletako XIX. pilota txapelketako partidak. finalerdiak

17.00>txosna batzordeak antolatutako pilota txapelketaren finala. Plazan.

19.00>oñatz dantza taldearen «euskal herria dantzan» jaialdia. Plazan

22.00>rock kontzertua gas, gaur ez, akatz eta kop taldeekin. Txosnagunean.

23.00>mac jeara dixie band taldearen kontzertua Plazan.

Bihar

11.00-14.00 haur eta gurasoentzat programazio berezia: ludoteka, tailerrak, lehiaketak.Plazan.

12.00 urtean zehar jaiotako haurrei ongietorria.Udaletxeko batzar areto nagusian.

17.00 arku tiraketa erakustaldia.San Martinen.

17.00-19.30 sokamuturra ARNO GANADUTEGIKO ZEZENEKIN.Plazan, Kale Barrian eta Atzeko Kalen. 16 urte baino gazteagoek ezin dute parte hartu.

18.00 «ETA KARMELE?» ANTZERKIA.Institutuan.

18.30 kalejira sonia fausto y los charros de jalisco talde mexikarrarekin.Herriko kaleetan zehar.

19.00 azkaiter pelox kontzertu akustikoa.Txosnagunean.

20.15-21.30kontzertua sonia fausto y los charros de jalisco talde mexikarrarekin.Plazan.

21.00 vanpopel taldearen kontzertua.Atzeko kalen.

eta gainera... «oÑATI BEGI BISTAN» argazki erakusketa ikusgai bihar arte eta urriaren 5 eta 8 bitartean. Plazako arkupeetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo