Agur esan behar izan zutenen historia ez ahazteko filma
4.000 haurrek jaioterria utzi eta itsasoaren beste aldera joan behar izan zuten laster itzultzeko itxaropenarekin. Urteak igaro ziren eta askok ez zuten euren familia berriz ikusteko aukerarik izan. Hori da «To say goodbye» (Agur esatea) animaziozko eta benetako irudiak batzen dituen dokumentalak protagonisten ahotik kontatzen digun istorio tristea. Beraiek bezala, sortzaileek ere zenbait zailtasuni aurre egin behar izan zieten pelikulak argia ikus zezan.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Duela 75 urte gertatutako gauzen artean Gernikako bonbardaketa da ahaztu ezin dugun ezbeharretako bat. Honen ondorioek luzaroan iraun dute. Sufritutakoa onartu, gainditu eta egoera berri batean bizitzeari ekin ziotenek film bat egiteko adina gauza kontatu dituzte. Honela sortu dute «To say goodbye» (Agur esatea) dokumentala.
Matt Richards zuzendariak, Izaskun Arandia eta Jose Luis Rubio ekoizleekin batera, urte askotan ezezaguna izan den istorio honen berri ematen dute euren azken lan honetan. Oinarrian, Gerra Zibilean zehar gertatutako pasarte ilunetako bat: 4.000 haurren ebakuazioa, hain zuzen. Horietatik gehienak Euskal Herrira itzuli ahal izan ziren. Santurtzitik Southamptonera abiatu ziren txikiak, atzean sarraskia utzirik, hiru hilabeteren ostean itzultzeko asmoz, baina 250 ume ez ziren inoiz etxera itzuli.
Maria Luisa Toole da bere istorioa ikusleen aurrean jartzen duen protagonistetako bat. Berak 11 urte eta bere anaiak 9 urte zituela abiatu ziren bizitza hobe baten bila. «Gogorra izan zen, baina egoera ulertzen genuen. Amak esan zigun hobe zela joatea, hiru hilabete besterik ez zirelako. Baina gero II. Mundu Gerra hasi zen eta amaitu zen arte ezin izan ginen itzuli», kontatu zigun.
Toolek bere ama berriro ikusi zuenerako 14 urte pasatu ziren. Ordurako Euskal Herrian ezer ere ez zitzaien gelditzen, ez etxerik ez familiarik. Horregatik Cambridgen gelditu zen, haur zaintzaile gisa lanean. Bertan bere senarra izango zena ezagutu eta familia osatu zuten. Gerra garaian ikusitakoak, ordea, ez du Toolen alaitasuna itzali eta pozik kontatzen du bizi izandakoa. «Britainia Handian hitz egiten entzuten nautenean italiarra ote naizen galdetzen didate, eta hemen ea frantsesa naizen. Ba, ez bata ez bestea. Euskalduna naiz!», azaldu zuen barrez.
Filmean biltzen diren istorio garratzak animaziozko irudien bidez ilustratu nahi izan dituzte, zinema irudia delako, baina protagonisten kontaketak nahikoa lirateke, begiak itxita, une horretan sentitu zutena ulertzeko. «Suposatzen da zineman irudiak bakarrik erabiliz istorio bat kontatzeko gai izan behar dugula, baina kasu konkretu honetan kontrakoa gertatzen da, garrantzitsuena entzuten dena da: beraien ahotsak eta euren istorioa nola kontatzen duten», adierazi zuen Izaskun Arandiak. Ekoizleari amonak kontatzen zizkion gaztetako istorioen antza hartzen dio dokumentalari, «betirako buruan gelditzen zaizkizun horietakoa baita».
Jose Luis Rubio produkzio lanetan soinuaz arduratu da eta onartzen du protagonisten kontaketak ez direla edozein dokumentaletan topatu dezakegun off ahots arrunta. «Negar eta barre egiten dute, hunkitu egiten dira gauzez oroitzen direnean; ez dago fikziorik. Irudiak soinuari laguntzen dio, baina pelikula honek irudien bidez ere istorioa oso ondo kontatzen badu ere, uste dut ahotsik gabe ez zela ezer izango. Animazioa ona da, baina ez du behar», aitortu zuen.
Laguntza instituzionalik gabe
Gerraren alderdi ilun honek Gernikako bondardaketaren 75. urteurrenean ikusi du argia, baina ez du inolako laguntzarik izan, ekoizleen esanetan. Internet bidez pertsona anonimoen laguntza txikiei esker diru kopuru bat lortu zuten, baina gehiena euren kabuz lortu dute familiari eskatuta. Arandiak azaldu zuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntza emango diela esan die, eta horregatik agertzen da kredituetan. Lakuako Gobernuak, ordea, ez omen die apurrik ere eman. Produktoreak minduta daude Lakuako Gobernuak ez dielako laguntzarik eskaini. «Ebakuazioaren 75. urteurrena bete zen egunean bertan oso ekitaldi garrantzitsua egon zen, eta han izan zen Idoia Mendia gobernuko bozeramailea eta bere kideak. Esan nuen Lakuak ez duela zipitzik ere jarri, eta Mendia andreak ez ninduen agurtu ere egin», esan zuen Arandiak.
Zailtasun guztiak gaindituta, filma egitea lortu dute. «To say goodbye» Zinemaldian, Zinemira sailean, aurkeztu zen ostegunean eta gaur, jaialdiaren itxierarekin batera, ikusteko azken aukera izango dugu. Hala eta guztiz ere, pelikula jaialdi askotara eramango dute. «Nazioarteko salmentako agente batzuk daude pelikulan interesatuak», baieztatu zuen Arandiak. Izan ere, Euskal Herriko historia kontatzen badu ere, ez da Euskal Herria ukitzen duen gaia soilik, oso gai globala da. «Ebakuazioak edonon izan dira. Gainera, eskolan gertaera historiko askorekin harremandu daiteke, baita egun gertatzen diren gauzekin ere», jarraitu zuen.
Rubiok ere nazioartean interesa piztu lezakeela uste du. «Gerraren laztura oraindik handiagoa da haurrak tartean daudenean. Hau da guri gertatu zitzaiguna, baina edonon gertatu daiteke».
Oraingoz, Euskal Herrian Tinko Filmeak ekoiztetxeari esker zabalkundea lortu dute. Honek Zineuskadi zirkuituaren baitan sartzea lortu du, ingelesezko ahotsak gainetik euskaratuz, beti ere.