Iker Bizkarguenaga Kazetaria
Batean zein bestean
Asteazken eguerdian Bilboko Kale Nagusian egon nintzen, beste milaka eta milaka lagunekin batera, greba orokorraren karietara deitutako manifestazioan parte hartzen. Batzuek ikusi ez zuten greba orokorrean eta gutxietsi zuten manifestazioan, alegia. Ikusi nahi ez duenarentzat betaurreko guztiak garesti dira. Plaza eliptikoa baino aurreraxeagotik entzun nuen oholtzatik zetorkigun berbaldia, eta heldu zitzaizkigun hitzen artean atentzioa deitu zidaten «politikariak» interpelatzen zituztenak.
Alde batetik, bat natorrelako auzi honetan, kapitalak bere zalditeria astunaren karga erabaki duenean, ezinbestekoa dela sindikatuek, herri mugimenduak eta ezkerreko indar politikoek bat egitea. Baina, beste aldetik, uste dudalako «politikariak», horrela, inolako ñabardurarik gabe, denak zaku berean sartzeak, zilegitasuna ez baina sinesgarritasuna kentzen diola diskurtso horri. Eta beldur naiz, hain zuzen, ez ote zen hori berbetan ari zenaren xedea, «politikari» denak seinalatzea.
Nire ustez, helburua kapitalaren erasoaldiari aurre egin eta egoerari buelta ematea bada, ez dauka logika handirik egurra berdin-berdin ematea urte luzez kapitalaren zerbitzari leiala dela erakutsi duen politikari profesionalari, eta bide horretan lagun izan dezakezun agintari, hautetsi edo hautagaiari. Errepikatzen dut, helburua erasoari aurre egitea bada. Helburua beste bat bada, ez dut ezer esango, baina azal diezadatela, mesedez, denok elkar uler dezagun.
Edonola ere, gai honetan badago beste gauza bat aztoratzen nauena. Izan ere, greba egunean kalera atera ginen herritar guztiak arduratuta gaude krisiaren aitzakiarekin pairatzen ari garen eskubideen zanpaketekin, baina ziur nago grebarekin bat egin genuen guztiok ardura berarekin begiratzen diogula egungo egoera politikoari eta gatazka konpontzeko irekitako prozesuari. Eta nahiko genukeela esparru sozioekonomikoan bezala, gai honetan ere eragile guztiak inplikatzea. Inor ez dadila albo batean geratu, begira, «politika» kontuekin ez bustitzearren. Eta honi helduta, uste dut bakoitzari komeni zaion esparruan besteak interpelatzea eta bidea markatzen saiatzea zilegi izan daitekeela, baina horrela jokatzen duenak ez duela sinesgarritasun handirik berari tokatzen zaionean aldarrikatzen duen hori egiteko gai ez denean.
Herri honek hobe du gai batean zein bestean denek bat egitea, bestela ez dugu ezer lortuko, ez batean ez bestean.