GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Inguru-minguru

Ez dakit ondo ulertu dudan, aitortu behar dut, oso arin egin diodalako aste honetako prentsari errepasoa. Baina, ematen du gure beheko Estatuan estres azterketa egin berria dutela, baita zera ondorioztatu ere, hango politikari asko oso estresatuta daudela. Oso. Une txarrean egin dute horiek kopagoaren aldeko apustua. Nonbait krisiak han-hemenka areagotzen ari zaizkie, era askotako burbuilak eskuan zulatuta. Sistemaren berregituraketa dute horiek buruan, dekretutik dekretura, bankuenetik haratago, zentrokoari zentraltasun gehiago emateko. Zentraltasun osoa, argiago esatearren.

Hortaz, kapitalizazio prozesu batean, betean, ari dira, euren hiriburua dena are gehiago kapitalizatuz. Ez dira, ez, ordea, kapitalizazioan ari diren bakarrak.

Katalunia, kasurako, kapitalaren bila hasia da, eta serio omen, Estatu berria izango den horren kapitala. Eta ez da penintsulan den kasu bakarra. Ezta Europan ere. Kapital asko izango dira orain ez luze Europan, orain daudenak baino askoz ere gehiago. Eta nago ni, zenbat eta kapital gehiago, Estatu gehiagotan, eta plaza gehiagorekin, eta landa-eremu gehiagorekin ere, orduan hainbat eta aukera gehiago merkatuko kapitala errotik higatzen hasteko.

Bada, bai, oso estresatuta daude han. Are gehiago, euren burua inguratuta ikusi omen dute egunotan kongresuan zirela. Une batez Asterix eta Obelixen herrixkarena pasatu zait burutik, haiek ere inguratuta bizi baitziren; alde handia, dena dela, herrixka horretan jatorrak barruan eta kongresu haren kasuan kanpoan baitzeuden. Mundu aldrebesa!

Eta hurbilean, kanpainaurrea aurrera doa, esamesatan. Eta mezatan. Jelkideak gaur dira biltzekoak aireportu ondoko zelaietan. Gaur bai, seguru asko, independentzia aldarrikatuko!, egunak hala eskatu eta testu zaharretik hitza erreskatatuta. Eta bihar goizean, karpak eta mahaiak jaso eta datorren urtera arte biltegian utzita, berriro ere, maila baxuko pragmatismora buelta, bai-bainara! Oinak lurrean ari direla errepikatuko bide du gaur ideologoak oholtzatik. Eta jai-esparrua inguratzen ariko diren behiek, hauexek bai oinak lurrean, gero!, bertoko esne osoa errebindikatuko dute, kanpoko esne-hautsaren kontra.

Argien aroa dugu hau!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo