Jakes Goikoetxea 2012/9/28
Kea eta txiste txarrak
berria
Hego Euskal Herrian herenegun milaka herritarrek greba egiten zuten bitartean -batzuek baita polizien pilotakaden eta borren gorroto kolpeak jaso ere-, Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidentea New Yorken zebilen, pasieran, purua erretzen eta etxe orratzei putz egiten. Kea saltzen: Nazio Batuen Erakundeari, Espainiako trantsizioarena, eta komunikabideei, ekonomiarena. Kezkatuta, errealitateagatik baino gehiago, errealitatea nazioarteko egunkari nagusietako azaletan agertzen delako. Herritar otzanak goraipatu zituen. New Yorketik bueltan, 40.000 milioi euroren murrizketa onartu zuen, herritar otzanentzat eta gainerakoentzat.
Atzo, grebaren eta istiluen biharamunean, kolpeak ubeldu bihurtzen ziren bitartean, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak txiste txarrak egin zituen Madrilen: alde batetik, euskara eta atez ateko bilketa uztartuta; bestetik, Poliziak Madrilgo kontzentrazio jendetsuetan izandako jokaera kritikatuz. Iñigo Cabacas eta Xuban Nafarrate ahaztu zaizkio, nonbait.