GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | «Zukgua», norbanakotik kolektibora

Abian da gazte antolakunde berri bat sortzeko prozesua

Norbanakoak eta kolektiboak elkar elikatzen dutela adierazten du ia berrehun herritako lagunek hasi duten prozesuaren izenak: «Zukgua». Gazte antolakunde berri bat sortzea dute helburu, gazte abertzale eta ezkertiarrak elkartuko dituen tresna bat. Lehenbiziko topaketa atzo egin zuten Zarautzen, eta martxoaren 2ko biltzarrera arte luzatuko da prozesu eratzailea. Asanblada irekiak eginen dituzte herrietan, tresna definitzeko.

p024_f02.jpg

Maider IANTZI

Hainbat koloretako fruituen zaporea zuen atzo eguerdian Zarautzen gazte antolakunde berri bat sortzeko prozesua martxan dagoela jakinarazteko egin zuten ekitaldiak, eta zukuaren freskotasuna. Bost gunetan banatu zuten Gaztelekuko frontoia, prozesuan funtsezkoak diren ekintzen izen bat emanez bakoitzari: Izan, Ekin, Harremandu, Eztabaidatu eta Eraiki.

Eraiki izeneko eremuan, adibidez, mural bat margotzen ari ziren lagun batzuk, «Eraiki gazte zukgua» esaldia idazten. Gibeletik, fruituekin nahasitako txokolate beroa hartzen ari ziren bertze batzuek «tx-ekin, tx-ekin!» erranez zirikatzen zituzten. Ondoan, galdera bat zegoen idatzita horman: «Zer egingo duzue zuen herrian prozesu eratzailean?». Erantzunak post-itetan itsatsita zeuden: «Mazedonia erraldoi bat egin eta herriko gazteak bat egin!», zioen batek. Mutil batek orduantxe idatzi zuen bere proposamena: «Alkoholaren ordez zuku goxozko txupitoak debalde eman Gazte Egunean».

Ekin izeneko txokoan, jendea xaxatzeko erronka bat: Euskal Herriko zein herrik du punteriarik onena? Santutxu, Arratia, Leitza, Arrigorriaga, Bortziriak, Portu... Hainbat tokitako herritarrak ari ziren ekinean baloia irudi batzuen zuloetan sartu nahian, prozesu hau abian jartzeko lantalde motorrak osatu dituzten ia berrehun herrietako ordezkaritza bat. Azaldu zutenez, 700 edo 800 lagunek parte hartu dute talde horietan, eta hemendik otsailaren amaierara arte herrietan eginen dituzten asanblada irekietan anitzez jende gehiagok parte hartuko duela espero dute. Asanblada horietan, lan talde motorretako kideak arituko dira dinamizatzaile.

Adierazi zutenez, erabaki potoloak hartu beharko dituzte eztabaida prozesuan, baina, era berean, bildu eta ongi pasatzeko aitzakia ezin hobea ere izanen da. Horren erakusgarri zen atzo Harremandu izeneko gunean, fruten gainean jarrera arraroenetan kokatuta, gazteak nahasi zituen Twister jolasa.

Udako hausnarketak

Leporaino betetako pilotalekuan, kanpoan hotz baina barruan bero, gereziz mozorrotuta edota piña zuku exotikoak ahoan zebiltzan gazteen artean, talde motorretako zenbait ordezkari bildu ziren hedabideekin, prozesuaren nondik norakoak azaltzeko asmoz, Zollo, Leitza, Zeanuri, Zestoa, Lesaka eta Berriatuko gazte bana.

Udako beroekin batera, gazteak herri eta auzoetan biltzen, eztabaidatzen, harremanak lotzen eta hausnartzen hasi zirela kontatu ziguten. Herriz herri lantaldeak osatu zituzten ea gazte antolakunde bat behar zen ikusteko. Baietz ondorioztatu, eta oinarri finko bat edukiko zuela erabaki zuten, gazte borroka abiatzeko. «Kezka, arazo eta ikuspegi propioa dugu gazteok eta horren aurrean antolatzearen beharra eta gogoa nabarmendu da egindako harreman eta hausnarketetan; antolaketan ikusten dugu gure helburuak erdiesteko modu bakarra, euskal estatu sozialista eraikitzeko modu bakarra».

Gaineratu zutenez, Euskal Herriaren eraldaketa eta burujabetza ez ezik, euren buruaren askapena ere lortu nahi dute, egungo egoerara egokituko den baina egoera hori iraultzeko asmoa duen estrategia finkatuz datozen hilabeteetan, gazteen parte-hartze ahalik eta zabalenarekin eta ikuspegi ezberdinak barne hartzen ahaleginduz. Erran zutenez, herriz herriko erantzuna «hagitz ona» izan da, «beso zabalik» hartu ditu jendeak eta gogo eta ilusio handia sumatu dute.

Lantalde motorreko kideak herriko gazte pila batekin elkartu dira antolatzeko beharra lantaldetik haragokoa zen ikusteko, eta behar hori pizten eta xaxatzen ere saiatu dira, jendea hurbiltzeko. Atzo ere norbanakotik kolektiboari ekarpena egitera animatu zuten. Asanbladak hiru bloketan banatuta egonen dira: munduaren egungo egoeraren hausnarketa, Euskal Herriko ziklo politikoaren inguruko hausnarketa eta gazte antolakundearen izaera eta funtzioak. Dagoeneko martxan den gaztezukgua.info webgunean jarriko dituzte eztabaidatutako auziak, eta bertze gazte antolakundeekin elkartzeko eginen duten nazioarteko birako kontuak ere azalduko dituzte. Urriaren 22an ekinen diote, eta aurreneko geldialdia Oslon izanen dute.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo