GARA > Idatzia > Ekonomia

Feminismotik, krisiari buelta ematen saiatuko dira Zumarragan eta Tolosan

Urola Garaia-Tolosako Jabekuntza Eskolak ekonomia feministari buruzko jardunaldiak antolatu ditu. Urrian eta azaroan zehar, krisiaren jatorria aztertu eta berorri aurre egiteko bideak urratuko dituzte.

p029_f02.jpg

GARA | URRETXU

«Ekonomia feministatik jar dezagun krisia hankaz gora», horixe da Urola Garaia-Tolosako Jabekuntza Eskolak Zumarragan eta Tolosan egingo dituen jardunaldietarako hautatu duen leloa. Oihane Zabaleta eta Ibai Iriarte Urretxu eta Tolosako alkateek aurkeztu zuten programa, Aurora Iturrioz eta Agurtza Zubero Berdintasun teknikariekin. Izan ere, ekonomiak bizi duen krisialdiaren aurrean, sustatzaileen ustez ezinbestekoa da egoerari beste ikuspuntu batetik begiratzea: feminismotik.

Zabaletak esan zuenez, datuei begiratu besterik ez dago emakumeen egoera nabarmen larriagoa dela ikusteko, batik bat adierazle ekonomikoei erreparatuz gero. Emakumeak «bigarren mailako hiritarrak» izaten jarraitzen dutela salatu zuen. Horren adibidetzat jo zuen per capita errenta txikiagoa izatea edota lan mota berdinetarako soldata txikiagoak izatea.

Egoera horren atzean generoen arteko hierarkia eta, krisi ekonomiakoaz haratago, «sistemaren krisia» daudela ohartarazi zuen Iriartek. Hortaz, Jabekuntza Eskolaren bitartez, ekonomia feministari buruzko jardunaldiak antolatzea erabaki zuten.

Eztabaidatuz, erantzun

«Gure asmoa ez da soluzioak eskaintzea, baina bai eseri, eztabaidatu eta erantzun kolektiboak zabaltzea», baieztatu zuen Iriartek. Egunkarietako azalak bereganatzen dituen krisi ekonomikoari beste ikuspegi bat ematea da helburu nagusia, horretarako «teoria kritikoagoak baliatuz», betiere feminismoa oinarritzat hartuta.

Urriaren 5ean eta 6an izango da lehenengo tailerra Tolosan, «Proposamen ekofeministak, zorrez jositako sistema batentzat» izenburupean. Hazkunde ekonomikoa eta metatzea bigarren maila batean utziz, jarduera ekonomikoari begira ikuspuntu ekofeminista bat ematen saiatuko dira.

Zumarragan izango dira hurrengo bi zitak, «Ekonomia feminismotik, edo tortilla beste aldetik erretzen hastea» eta «Eskubide ekonomikoen egungo murrizketen aurrean biziera onerako eta bizirauteko klabe feministak» jardunaldiekin.

Azaroaren 17an amaituko dira jardunaldiak Tolosan Emakumeen Denbora Banku taldeen arteko topaketekin. Azken ekimen horretan, dirurik gabe, baliabideak eta gaitasunak elkarbanatu daitezkeela erakutsi nahi dute antolatzaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo