GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Egia osoa» ezinbestekotzat jo dute agertoki demokratikoa lortzeko

Askatasunaren bidean ekarpena egin duten herritarrak gogora ekartzea eta egiaren ezinbestekotasuna nabarmentzea. Horiexek, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan Egiari Zor fundazioak antolatuta atzo egindako ekitaldiaren funtsak. Euskal Herriak «gatazka politikoaren eta haren ondorioen gaineko egia osoa» jakin behar duela nabarmendu zuten, besteak beste, horrek erraztuko duelako indarkeria agertokitik agertoki demokratikora igarotzea.

p022_f04_111x111.jpg

Maider EIZMENDI | AZPEITIA

«Gure herriak egia jakin behar du, egia osoa, gatazka politikoaren eta bere ondorioen inguruko egia osoa jakin behar du Euskal Herriak; horrek erraztu egingo baitu indarkeria agertokitik beste agertoki batera, demokratikora, igarotzea», hala mintzatu zen Joxean Agirre ikusleen artetik «askatasunaren alde bizia galdu zuten herritarren» dozenaka senide taularatu eta hitza hartu ostean. «Egia guztiak ikusi ahal izateak, gainera, elkar ulertzeko bidea zabalduko» duela ere ziurtatu zuen.

«Egia bide, askatasuna amets» goiburupean, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan egindako ekitaldiarekin, Egiari Zor fundazioak askatasunaren bidean ekarpena egin duten herritarrak gogora ekarri eta egiaren ezinbestekotasuna azpimarratu nahi izan zuen. 36ko altxamendu frankistan hildakoetatik hasi eta gaurdaino, «faxismoari aurre eginez, askatasun demokratikoa konkistatu nahian errepresioaren eta ukazioaren kolpeei duintasunez aurre egin zietenak» gogora ekarri eta haien oroimena aldarrikatu zuten: «Askatasunaren ametsaren bidean den-dena, bizitza ere, eman zutenak; haien bizitza eta lekukotza gure historiaren alde zatiezina da» aitortu, eta zera nabarmendu zuen: «Ez dugu onartuko errealitatearen gure errelatoa aintzat ez hartzea».

Txikia, baina urratsa

Txiki eta Otegiren fusilamenduari aipamen berezia egin zioten, aste honetan bertan bi gazteen heriotzaren 37. urtemuga bete denean. Bide horretan, Agirrek nabarmendu zuen Lakuako Gobernuko ordezkariek Zarauzko hilerrira egindako bisita «urrats txikia» izan dela, «heriotzen eta beste eraso askoren errudunek zigorgabe jarraitzen dutelako»; baina «bere txikitasunean, urratsa bada». «Askoz gehiago behar dira, jakina, bi aldeetatik, jakina; baina instituzioek, gobernuek eta PSEk, bereziki eta kasu honetan, beste erantzukizun bat dauka: torturan, GAL-en, deportazioan, espetxe politikan, polizien hilketetan ardura politikoa badutela onartzea». Elkar ulertzeko ariketak, izan ere, «hori eskatzen du», azaldu zuen Agirrek.

Aurrerantzean ere ekarpenak egiten jarraitzeko prestutasuna agertu zuten: «Egia, herri memoria, askatasunaren konpromisoa eta konponbide justua gure besoak eta hankak izango dira aurrerantzean ere, oroimenetik konponbidera eramango gaituztenak».

ikus-entzunezkoak

Bertsoak, kantuak eta dantzarien ikuskizunak tartekatu zituzten ekitaldian, baita askatasunaren alde hildako herritarren irudiak ere.

txaloak

Izarraitz pilotalekuan ehunka lagun elkartu ziren. Haien artetik eta txalo zaparrada bat jasoz altxatu ziren askatasunaren alde bizia eman zuten herritarren dozenaka senide.

Haritzaren sendotasuna eta iraunkortasuna eredu

Haritz adaxka aukeratu zuten ekitaldiaren irudi gisa eta haietako bana jaso zuten taularatu ziren senideek dantzarien eskutik. «Haritza sendotasunaren eta iraunkortasunaren irudia da, Gernikako Juntetxea eta Aritxulegi gogorarazten dizkigu; zuhaitz sendoa eta iraunkorra da, libre izateko borrokan herri honek mendeetan barrena erakutsi duen grinaren pareko ezaugarriak dituena alegia», azaldu zuten ekitaldian.

Horretaz gain, Euskal Herriak, abiatu duen ziklo historiko berri honetan, «bere itzala ez ezik, hosto iraunkorreko haritzaren adar buru eta enbor zabalak» ere behar dituela nabarmendu zuten, «milaka pertsona aterpetu eta babesteko gaitasuna behar du», izan ere. M.E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo