Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate Alternatibako Mahai Internazionalista
Venezuela Hugo Chavezekin nahi dugu
Bertan hainbat saiakera egiten dira paradigma eta proposamen politiko berriekin; kontraesanez, mugaz, aurrerapausoz zein atzerapausoz beterikoak, baina batez ere, aberastasunez, aniztasunez eta politikaz beteak
Ondo da. Hugo Chavezen nortasunaz eztabaida dezakegu, lidergoan jarduteko modu bereziaz, batzuek gorroto dutena beste askok goraipatzen duten bitartean.
Ados, nazioartean egin dituen aliantza batzuei buruz ere hitz egin genezake, Estatuaren interesak ideologiaren gainetik jarri izan dituen horietan. Hau ez da mundu erraza, ezta gure zibilizazioak pairatzen duen krisiak eragindako une aztoratu bezain ezjakin hau ere.
Berriz ere ados nago; aurrerapausoak mantsoak direla esango duzue seguruenik, eta ez dagoela oso argi zer den XXI. Mendeko Sozialismo delakoa, ea non dauden egungo ezker alternatiboaren ezaugarrietako batzuk. Edonola ere, gogorrak eta nahasiak izaten dira burujabetzaren bideak, bertatik igarotzea erabakitzen dutenentzat.
Eta ondo da, beharbada, Venezuelako eredua bere horretan beste lurralde batzuetara eramatea, eremu eta kultura bakoitzaren ezaugarri zehatzak aztertu gabe, ez da ezkerreko politika egiteko modurik egokiena, gaur egun.
Garrantzitsua da esatea, eztabaidatu ahal izateaz gain, beharrezkoa dela, baita kritikak egitea ere. Izan ere, Venezuela borborrean dagoen kontinente baten parte garrantzitsua da. Bertan hainbat saiakera egiten dira paradigma eta proposamen politiko berriekin; kontraesanez, mugaz, aurrerapausoz zein atzerapausoz beterikoak, baina batez ere, aberastasunez, aniztasunez eta politikaz beteak.
Prozesu europarrak, Euskal Herrikoa kasu, bestelako logiken arabera gertatzen dira, eta hori ondo dago, hala izan behar da. Baina ez dugu inoiz ahaztu behar ezkerra proiektu komun baten parte dela, eta beti begiratu behar diegula, zeharka bada ere, burujabetzari buruz teorizatu eta praktikatu egiten dutenei.
Horregatik nahi dugu Chavezek datozen hauteskundeak irabaztea, Venezuelarentzat ona delako, baita Euskal Herriarentzat ere, gure buruaren ispilu izan daitekeelako. Hala, eta aurretik esandako guztiaz eztabaidatu ahal badugu ere, gauza batzuk eztabaidaezinak dira guretzako, hemen asko baitugu haiengandik ikasteko. Lehenik, bere izaera internazionalista argia, hasieratik ulertu baitu guztion etorkizunak elkarren artean menpeko direla, eta neoliberalismoa eta kapitalismoaren modernitatearenak ez diren bestelako oinarrien gainean eraikitako eskualde arteko eta nazioarteko integrazioaren alde ibili da buru-belarri. Hala, Venezuelak ezinbesteko lana bete du Alba, Unasur, Celac, eta bestelako erakundeen eraketan, eta horrek inperioari aurre egiten dieten indarren metaketa sustatu du, bai eskualde zein nazioarte mailan, irabazi asmorik gabeko elkartasunetik, herriak elkarren artean ulertzeko gai direla eta beharra dutela erakutsiz.
Bestetik, prozesuak arinagoak edo mantsoagoak direla ere, sozialismoaren aldeko apustu garbia egiten du, etsaiak zuzenean nortzuk diren esaten du, aurre egiten die, izen eta abizenekin -ez soilik merkatuak aipatuz- eta demokratikoki kapitalismorik gabeko bizitza ahalbidetzen dituzten politikak bideratzen ditu, amildegira eraman gaituzten gauza guztietatik urrun.
Azkenik, helburu horiek ez dira diskurtso soilean gelditzen. Aitzitik, errealitateak dira: komunikabideen demokratizazioa, nekazaritza erreformaren eta elikadura subiranotasunaren aldeko politikak, lan araudi aurrerakoia, sektore eta enpresa estrategikoen nazionalizazioa, ekonomia solidarioaren eta Euskal Herriak bere buruarentzat nahi izango lukeen herri partaidetza sistemaren sustapena.
Horregatik guztiagatik eta beste hamaika arrazoirengatik -aurrean duen eskuma kolpistaren aurpegiak ikusteak eragingo ligukeen pozaz gain- gure elkartasuna bidaltzen dizugu: Hugo, Venezuelagatik irabazi, Amerikagatik irabazi, Euskal Herriagatik irabazi.