GARA > Idatzia > Kultura

Gertaera xumeen minetatik abiatu du Bertol Arrietak ęAlter eroĽ

Bertol Arrieta zarauztarrak bere bigarren liburua du «Alter ero» eta gertaera xumeetatik abiatu ditu liburua osatzen duten zortzi ipuinak. Xumeak, baina ez haatik ohiko gertakariak. «Konpasaren arkatza zilborrean jarri eta orratzak min non egiten didan» izan du, hain zuzen, abiapuntu.

p047_f01_148x87.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Harkaitz Canok esana da oso garrantzitsua dela, liburu bat idazterakoan, konpasaren orratza minean jartzea. Nik alderantziz egin dut. Konpasaren arkatza nire zilborrean jarri dut eta buelta batzuk eman dizkiot ea nire gorputzeko zein ataletan egiten didan min», kontatu zuen atzo Bertol Arrietak (Zarautz, 1975) bere liburuaren aurkezpenean. «Alter ero» (Susa), bere «Txikira beti hordago!» (Erein) lehenengo ipuin liburutik zortzi urtetara dator eta zortzi ipuinek osatzen dute, hain zuzen, azken lan hau.

«Abiapuntua beti gertakizun xume bat izango da. Ez dute zertan ohikoak izan, baina bai xumeak», azaldu zuen. Hala, autoa aparkatu eta bueltatzerakoan desagertu zaiona izango da protagonista, edo zinean krispetak jaten ari direnak jasan ezin dituena, Julio Cortazarren oinordekoa dela sinetsita daukan euskalduna, hondartzara joan eta trajedun gizon bat itsasoko ura botila batean gorde eta maletan sartzen ikusiko duena, eskubaloiko ordezko atezaina...

«Minak nireak izan arren, gertaerak ez dira nireak», zehaztu zuen. Bada, esaterako, heriotzari beldurra, sortzearen beharraren mina edo denbora iragatearen mina, eta idazleak literatura baliatzen du «izan zena eta izan zitekeena» bizitzeko. «Azkarregi bizi gara eta literatura da nik slowlife egiteko dudan modua. Ez gara konformatzen tokatu zaigun bizitzarekin eta erotu gabe zerotik hasteko modu bakarra literatura da, izan nahi genukeen hori guztia imajinatzea. Hortik dator `Alter ero' izenburua ere, ez da mentalki gaixo dagoena, baizik eta gizarte arauen kontra doana».

Aurkezpenean parte hartu zuen Ur Apalategik idazleak ere speed dating-arekin alderatu zuen liburua. «Hitzordura apuntatu eta bost minutu dituzu bestea seduzitzeko, bestela kanpora zoaz. Gaurko kultura kontsumoak badu horrekin zerikusirik. Baina Bertolen ipuinetan beti dago zerbait liburua ixtea eragotzi egiten dizuna», esan zuen.

Zinematik edanez

Arrietaren zinemarekiko zaletasuna ere -bi film laburren gidoiak idatzi ditu eta horietako bat, «Itsaso urdin bertikala», zuzendu ere egin du- islatzen da kontakizunetan. «Oso bisualak dira, sotiltasuna lortzeko beharrezkoa da», azaldu zuen eta zuzendari gustukoenen artean Aki Kaurismäki, Carlos Sorin eta Jim Jarmusch aipatu zituen.

Azala ere berak egindako argazki bat da Uharteko Arte Garaikideko Zentroan. «Jatetxe bat zer moduzkoa den jakiteko ona izaten da lehenengo komunak begiratzea. Zikinak baldin badaude, sukaldean ez dira askoz hobeak izango. Nik azalean behintzat komun ederrak jarri ditut. Eta Duchamp-i omenaldi inprobisatua ere bihurtu da.

Bestalde, aurreko liburuarekin irakurleen iritziak jasotzeko gogoz gelditu zela-eta, bere lanak biltzen dituen www.bertolarrieta.net ataria zabaldu du, iruzkinak egiteko aukerarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo