GARA > Idatzia > Kultura

Jon Benito, Amaia Lasa, Arantxa Calzada, Jon Obeso... ęHitza, musika, kulturaĽ poesia zikloan

GARA | DONOSTIA

Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean gauzatuko den «Hitza, musika, kultura» zikloak, lau errezitaldi izango ditu bere baitan eta urrian zehar «literaturaren errepasoa» egitea du helburu hizkuntza ezberdinetan. Izan ere, euskaraz, gaztelaniaz eta galegoz egingo dira emanaldiak.

Jon Benito eta Amaia Lasa poetek aurkeztu zuten atzo zikloa, Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendari Garazi Lopez de Etxezarretarekin batera. Azaldu zutenez, errezitaldiak irudi edo musikarekin lagunduta egingo dira batzuetan eta beste zenbaitetan hitza «biluzik» aurkeztuko da.

Bihar bertan izango da lehenengo errezitaldia. Bertan, Jon Benitok «Bulkada» (Susa) bere poema liburuaren irakurketa egingo du, «inongo laguntzarik gabe». Izan ere, poetak berak esan zuenez, «batzuetan lagundu egiten badu ere, beste zenbaitetan hitzarekin esan nahi dena estali egiten du» musikak edo irudiak.

Liburua idazlearen jaiotzan hasten da eta gaur egunerainoko ibilbidea egiten du eta, kasu honetan, Benitok atzeraka egingo du. «Orainalditik hasi eta atzerako bidaia egingo dut», esan zuen. Horretarako, atzekoz aurrera irakurriko du liburua.

Idaztetik irakurtzera

Hurrengo irakurketa Amaia Lasak egingo du urriaren 9an. «Itsasoko izaki» titulua aukeratu du, bere azken liburua bezalaxe, baina izen horren pean azken boladan idatzi dituen poemak irakurriko ditu.

«Idaztea kontu bat da eta zuk zeuk idatzitako poemak irakurtzea beste kontu bat», esan zuen Lizardiren omenezko ekitaldi batean errezitaldiak emateari ekin zion Lasa poetak. Jose Romerok egingo du emanaldiaren muntaketa eta Josune Muñozek, berriz, aurkezpen lanak.

Hurrengo hitzordua hilaren 23an izango da. Arantxa Kaltzada donostiarrarekin izango da eta Jon Obesoren hainbat fabula irakurriko ditu, Joserra Senperena pianoan lagun duela. Emanaldi hau gaztelaniaz izango da.

Azken saioan euskaraz eta galegoz egingo da errezitaldia. Hilaren 26an, «Zazpi poeta. Alen de fronteira» irakurriko da. Bertan zazpi autoreren lanak aurkeztuko dira, Bernardo Atxagarenak edo Xabier Leterenak, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo