URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK
Legebiltzarrean ere Poliziak EH Bildu gertutik jarraituko duela dio Urquijok
Hezkuntza integratzailea, euskalduna, eta laikoa lortzea da EH Bilduren apustua, eta horretarako Euskal Herria eta euskara izango dira bi ardatz nagusiak. Atzo, Donostian, Xabier Isasi eta Marian Bilbatua koalizioko ordezkariek agerraldia egin zuten une berean, Gasteizen Carlos Urquijo Gobernu espainoleko ordezkariak EAEn Poliziari eskatu zion koalizioa eta abian jarri duen «demokraziaz mozorrotutako proiektu totalitarioa» gertutik jarraitzeko.
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
«Hilabete honetan Eusko Jaurlaritzara demokraziaz mozorrotutako proiektu totalitarioa inposatzera bueltatuko direnen jarrera eta ekintzak» gertutik jarraitzeko eskatu zuen atzo, EH Bildu zeharka aipatuz, Carlos Urquijok, EAEko Gobernu espainolaren ordezkariak.
Eskaera Polizia espainolari egin zion, horien omenez Gasteizen atzo egin zen ekitaldi batean. Agenteei «ETAren porrota» posible egin duen «esfortzua eta sakrifizioa» eskertzeaz gain, ETAren aurkako borroka ez dela amaitu ohartarazi zuen.
Urquijok halaber gogorarazi zuen Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatu zuenean «demokrazia batean onargarriak ez diren jarrerak» zeintzuk diren adierazi zuela, eta hain justu, «muga horiek gaindituak izan ez daitezen», Madril oraindik ere zelatari lanetan dabilela erantsi zuen. «Zorroztasunez lan egin behar duzue demokrazian inoiz sinistu ez duten horiek gure erakundeetatik bertatik demokrazia suntsitu ez dezaten», esan zuen.
Azkenik, EH Bildu koalizioaren jarrera eta ekintzak gertutik jarraitzeko, orain arte ETAren aurka egindako «ahalegina» «arreta» bilakatzeko eskatu zuen Urquijok. Hala, adierazpenok bat egiten dute GARAk igandean aurreratutako informazioarekin, bertan aipatzen baitzen koalizioak egiten dituen prentsaurrekoetan polizia dagoela kale-jantzian, agerraldira nor doan eta zer egiten duten ikuskatzera.
Hezkuntza sistema propioa
Orain arteko dinamikari eutsiz, koalizio independentistak programaren xehetasunak eskaini zituen atzo prentsa aurrean, kasu honetan, hezkuntzari dagokionez.
Lehenik eta behin, hezkuntza sistema propioaren beharra aldarrikatu zuten. Honek bi helburu nagusi ditu. Lehena, euskal hezkuntzaren bidez herritar guztion aukera berdintasuna bermatzea, eta bigarrena, garapen kolektiboari begira kohesio soziala, transmisio kulturala, kultur garapena eta garapen ekonomikoa ziurtatzea.
Xabier Isasi Gipuzkoako zerrendaburuak, eta Marian Bilbatua koalizioaren gobernu taldeko Hezkuntza arduradunak hartu zuten parte agerraldian, non «hezkuntza euskalduna, integratzaile, laikoa eta kalitatezkoa» defendatu zuten.
Euskal Herriarentzat egokiena den hezkuntza eredua erabakitzeko garrantziaren harira, Madrilek onartutako azken erabakiak gogor kritikatu zituen Bilbatuak, bere aburuz «gure errealitatea ukatzen duen hezkuntza eredu zentralizatua martxan jarri» nahi dutelako, eta «desberdintasun ekonomiko nahiz sozialak areagotu» egiten dituelako. «Euskal Herriak euskal curriculuma behar du», erantsi zuten.
Bestetik, hezkuntza euskalduna defendatu arren, EH Bilduk ez dio eleaniztasunari muzin egiten, ikasle eleanitzak nahi baititu koalizioak, baina hots, euskaldun eleanitzak. Laikotasunari dagokionez, erlijioa irakasgai soil bezala ez litzateke eskainiko, baina erlijioen historia irakasteko aukera ez zuten baztertu. Hala ere, Isasik errekonozitu eta defendatu zuen pertsona orok duela bere erlijioa praktikatzeko eskubidea.
Gipuzkoako zerrendaburua unibertsitateaz mintzatu zen. Beka sistema indartzea eta ikasleei ematen zaizkien laguntzak indartzearen apustua agertu zuen honela, Europako beste herrialdeen mailaren parean jartzeko. Komunitate zientifikoa sustatu, lana eta unibertsitateko ikasketak bateragarri egiteko sistemak indartu edota euskarazko on-line formazioa indartzea -gradu eta graduondoko programetan hedatzen laguntzeko- dira hezkuntzari dagokionez mahai gainean jarritako proposamenetako batzuk.
La cabeza de lista de EH Bildu por Araba mostró ayer su compromiso con los vecinos y las vecinas de Trebiñu, y destacó que la próxima legislatura «debe convertirse en un punto de inflexión para avanzar en la resolución del contencioso» territorial. En este sentido, subrayó que el «objetivo último es la reintegración» del enclave en el herrialde vasco.
Sin embargo, en una rueda de prensa ofrecida ayer en Gasteiz, la candidata reconoció que el citado objetivo no se conseguirá de la noche a la mañana, ya que la Junta de Castilla y León «ejerce su derecho a veto». Por eso, remarcó que, mientras se avanza hacia el reconocimiento de la octava cuadrilla, el Gobierno autonómico «debe garantizar que todos los y las trebiñesas tengan los mismos derechos que el resto de arabarras en materias básicas como sanidad o educación». Arrondo anunció la presentación de una nueva propuesta para «poner fin al abandono histórico que sufren los trebiñeses legislatura tras legislatura». Ion SALGADO