GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Quiksilver PRO France 2012: Txapelketa historikoa Hossegorren

Hossegorreko txapelketaren ostean, aldaketak, mugiezina zirudien WCT rankingean, eta orain 20 urte bezala, Kelly Slaterrek irabazi du.

p054_f01_148x136.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA I

WCT itzuliko zazpigarren txapelketa itzela izan da. Joan den astean itsaski bortitzak izan ziren Hossegorren eta goi mailako 36 lehiakideek munduko surflari onenetakoak zergatik diren erakutsi behar izan zuten.

Bestalde, txapelketa honetako emaitzek goitik behera astindu dute orain artean aldaketa handirik jasan ez duen ranking orokorra. Hossegorren, hogei urte beranduago, berriz irabazi zuen Kelly Slaterrek eta finalerdietan kanporatu zuen Joel Parkinson, berriz, ranking orokorreko lehen postuan kokatu da.

Hossegor

Munduko beach break (hondoan harea duen urautsia) hoberenetako bat da Hossegor, Portugalgo Supertubos eta Mexikoko Zicatela hondartzekin batera. Urautsiz josia dagoen kostaldean, eremu edo urautsi bakoitzak bere izena dauka, eta ezagunena La Graviere da, bertan egiten da munduko txapelketa.

Azken txapelketa honetan ere La Graviereko olatu boteretsuek munduko surflari onenei, gainerako surflariengandik zerk bereizten dituen erakusteko aukera eman zien, eta ikusle ikuspegi batetik begiratuta, ez da hori baina gauza hoberik.

Urertzetik oso gertu indar handiz lehertzen ziren olatu erraldoietan lehiatzen aritu ziren surflariak. Lehiakideak erortzen zirenean edo azpian olatu munstroren batek atzematen zituenean, ikusleek eskuak burura eramaten zituzten. Eta norbaitek olatuaren erraietatik ihes egin eta tubo eder bat egiten zuen bakoitzean, oso metro gutxira aurkitzen zen publikoak txilio egin eta txalo zaparrada eskaintzen zion surflariari. Sekulako ikuskizuna izaten da Hossegorreko txapelketan.

Halako baldintza gogorretan taula asko apurtzen dira. Kolohe Andinok, esaterako, sei taula hautsi zituen, eta Mick Fanning, berriz, epaileek 10 punturekin saritu zuten tubo baten ostean, taula bi zatitan apurtu zion olatu batek atzeman zuen azpian. Bere taula kutunena omen zen hura, taula «magikoa».

Lehiakide onenen artean prestatuagoak zeintzuk dauden ikusteko ere balio du txapelketa honek. Izan ere, azken txapelketan bezala, muturreko baldintzetan, itsaski handiak direnean eta koraleko urautsietan ez bezala, olatuak beti leku berean lehertzen ez direnean, esperientzia handiena duten surflariak zeintzuk diren argiago ikusten da.

John John Florence, hemeretzi urteko gazteak, halako kasuetan zer egin behar den azaldu zuen: «Ez dakizu olatuak zer egin duen. Horrenbestez, probatu egin behar da, hartu olatua, eta ea zer gertatzen den...». Kontua da, halako baldintzak izanda probak egiten ibiltzea arriskutsua izan daitekeela.

Jeremy Flores, Reunion Uharteko lehiakideak, esaterako, oso ongi ezagutzen du Hossegor, baina bigarren txandan, Yadin Nicol australiarraren aurka ari zela bi olatu pasa zituen ur azpian eroriko baten ostean, eta, aitortu zuenez, oso gaizki pasa zuen.

Olatu handietan aditua da Flores, baina inoiz ez zuen halako esperientziarik izan. Xehatuta atera zen uretatik, bost minutu egin zituen kanpoan, indarrak hartzen eta berriz ere itsasoratu zen. Txanda hura pasatzea lortu zuen.

Behin sustoa pasata, honela mintzo zen Flores: «Akitua nago. Erori egin naiz eta kanpora ateratzeko borrokan ari nintzela, gero eta beherago nindoan eta orduan beste olatu bat lehertu da gainean, bi olatu pasa ditut ur azpian, hor, hondartzatik metro gutxira; oso astuna da».

Pasadizo ugari izan zen Hossegorren. Dusty Payne eta John John Florence hawaiiarren arteko txanda ere bitxia izan zen.

Txanda hasi aurretik, likra oholtza ondoan jantzi eta txanda ostean leku berean uztera behartuak daude lehiakideak, eta horrela egin ezean, zigortu egiten dituzte. Dusty Paynek, ordea, txanda galdu zuela ikusita, sekulako kasketa hartu zuen, likra uretan kendu eta txapelketa eremura itzuli gabe, zuzen-zuzenean etxerako bidea hartu zuen. Irabazi zituen berrehun dolarrak ere ez zituen jaso.

Onenak

Gainerako lehiakideen gainetik nortzuk zeuden garbi ikusi da Hossegorren. Gero, bakoitzak emaitza hobeak edo okerragoak izango zituen, baina hondartza bazterretik begira, oso garden ikus zitekeen nortzuk zebiltzan halako baldintza zailetan lasai eta nortzuk ez.

Brasildarren kasuan, esaterako, nahiz eta maila altua erakutsi, muturreko baldintzetan oraindik ikastekorik badutela agerian geratu zen.

Esaterako, hawaiiar edo australiarrak ohituagoak daudela ikus zitekeen, baina, hala ere, gainerako lehiakideen gainetik zeudela erakutsi zuten surflariak hauek izan ziren: John John Florence, Mick Fanning, Joel Parkinson, Dane Reynolds eta Kelly Slater. Horiek ziren urertzean jende gehien bildu eta txalo zaparrada handienak jaso zituztenak.

Sekulako txapelketa egin duen beste lehiakide bat Kolohe Andino izan da. Hemezortzi urte besterik ez dituen kaliforniar honek oso ongi kudeatu zituen txandak eta baldintza zailenetan olatuak bikain menderatzeko gai izan zen. Azken txapelketa honen ostean, ranking orokorrean postu gehien igo dituen lehiakidea izan da. Sei leku gorago; egun 24. postuan dago.

Finala

Finalean, bi estatubatuar izan ziren, Kelly Slater eta Dane Reynolds. Antzekotasun asko aurki daitezke bi surflari hauen artean. Biak dira aberkideak, talentu bereziko eskuin surflariak, marka izen berak babesten ditu eta surf egiteko modu klasikoa zein berritzailea zorrotz uztartzeko gai dira biak ala biak.

Hala ere, bada bi surflariak bereizten dituen ezaugarri funtsezko bat, lehiakortasuna. Slater oso lehiakorra da, lehiaketa maite du. Reynoldsek, berriz, surf askea maite du, lehiatzea maite ez zuelako utzi zuen, hain zuzen ere, iaz WCT zirkuitua.

Txapelketa honetan parte hartzeko wildcard (gonbidapena) bat jaso zuen Dane Reynoldsek «Independentzia deklarazio bat» goiburua zuen testu baten bitartez eman zuen aditzera iazko abenduan goi mailako itzulia uzteko erabakia hartu zuela.

Ikuskizun izugarria eskaini zuten txapelketa osoan zehar bi lehiakide hauek, baita azken txandan ere. Slaterrek, bere esperientziaren adierazle gisa, pazientziaz jokatu zuen eta olatu aukeraketa hobea egin zuen. Horri esker, aurtengo itzuliko hirugarren txapela eskuratu ahal izan zuen eta ranking orokorrean bigarren postuan da egun.

Txapelketa h0nen ostean, aldaketa nabarmena izan du ranking orokorrak. Batetik, aurreneko postuan zegoen Mick Fasnning australiarrak bi leku galdu ditu eta egun hirugarren postuan dago.

Bestalde, Joel Parkinson da egun rankingeko buru. Hossegorren txapelketa itzela egin zuen. Finalerdietan Slaterren aurka aritu zen, itzuliko azken txapelketan, Trestlesen aritu zen modu berean, eta oraingo honetan ere ezin izan zuen Floridakoa menderatu, baina lortutako puntuei esker rankigean gora egin zuen.

Bigarren postua Slaterrek eskuratu du rankingean, eta laugarren postuan John John Florencek jarraitzen du. Adriano de Souzak galdutako postua, berriz, Taj Burrowek eskuratu du. Beraz, momentu honetan, lehendabiziko bost postuetan hiru australiar daude.

Hamar txapelketak osatzen duten WCT zirkuituko zortzigarren txapelketa aste honetan bertan hasiko da. Urriaren 10 eta 21 bitartean izango da Penichen, Portugalen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo